Aurreratuko da? Berandu izanen da? Noiz? Zergatik ez da beti sasoi berean gertatzen? Bada… erantzun hori jakiteko, komeni da zerurat begiratzea. Edo hobe erran, zeruan izanen den gertakari bat kontutan hartu behar da, ez baikara zeruari so izaten orain heldu diren opor-egunen zain. Aldez aurretik badakigu, egutegiari begira bada ere, noiz kokatu duten oporraldia urtez urte, erabaki horiek pertsonen menpe daudelako.
Udaberrian gaude. Martxoaren 20ko 22:58an estreinatu genuen urtaro honek 92 egun, eta 18 ordu iraunen ditu. Ipar Hemisferioan Udaberriko ekinozioa gertatzen delarik Eguzkiak bere berezko mugimenduan Lurraren ekuatorea igarotzen du. Horren ondorioz, momentu jakin horretan gauaren eta egunaren iraupena berdina da gure planetan. Ekinozio hitzak, Latinetik aequinoctium (aequus nocte), gaua eguna bezain luzea erran nahi du eta egun horretatik aitzin gure hemisferioan eguna pixkanaka-pixkanaka luzatuz joanen da eta argi-minutu gehiagoz gozatzeko aukera izanen dugu. Baina, Aste Santua egutegian kokatu nahian genbiltzan. Zer ikusteko du honek?
Ekinozioa noiz gertatu den jakiteaz gain, jakin behar dugu hori gertatu eta berehala, noiz izanen den hurrengo ilargi betea. Izan ere, fase hori gertatu eta hurrengo igandean kokatzen baita beti Aste Santuko Pazko-Igandea. Hori da, labur erranda, egun hauetako oporraldiaren egutegi-dantzaren arrazoia.
Deskantsurako garaia heldu den honetan baliteke zuetako batzuk zerura behatzeko tartetxoren bat hartzea. Udaberriko zeruan, apiril bukaeran, Hartzeme Nagusia izanen duzue protagonista, baita Leo ere, nahiz eta aspaldi bizi ziren eskaldunek zeruko zati horretan Zaldi bat bistaratzen zuten. Marte ilunabarrean ikusteko aukera izanen da, Jupiter eta Saturno aldiz, gaupasa egiten baduzue ikusiko dituzue eta azkenik, Artizarra modu ederrean egunsentian agertuko da Merkurio ttikiarekin batera. Zerua oskarbi izan dezazuela!