Badira gaueko argazkiak ere. Mendien gainetik Ilargia dotore erakusten dizkigutenak, edota Iparrizarraren inguruan biraka dabiltzan izar-lerro borobilen bitartez denboraren martxa agerian uzten dutenak. Baina gure herriak gauez agertzen direnean, ez ditut hainbertze maite. Jende guti ohartzen da argazki horietan agertzen den kutsadura isilaz.
Eguzkia lotara joaten denean, gure karriketan farolak pizten dira. Horietako gehienek, kaleak argiztatzeko argia beheraka bakarrik zuzendu beharrean, emaria norabide guztietan hedatzen dute argi kutsadura eraginez. Halaber, erabiltzen diren kale-argien bonbila-motak desegokiak dira aunitzetan, behar baino urdinago izan ohi direlako. Ondorioz, gure begietako zelulek argi hori egunez zeruak duen kolore urdinarekin nahasten dute eta gure gorputzari gauez gaudela transmititu beharrean, «oraindik egunez gaudela» erraten diote eta horrek desorekak eragiten ditu.
Begietan baditugu gure barne-sistema erregulatzeko zelula espezializatu batzuk, eta horiek argi urdina gauez jasotzen dutelarik, gorputza adi eta martxan mantentzen dute atsedena hartzeko garaia denean. Ez dugu atzendu behar gizakiok, gaua eta egunaren zikloaren araberako espezieak garela: eguna aktibo egoteko behar dugu eta gaua, atseden hartzeko. Irudika ezazue logela bat, gauez egonik ere, argiz blaiturik dagoena kaleko farola bat etxearen fatxadari itsatsita duelako. Ez badugu pertsiana behar bezala ixten gure atsedena ez da erabatekoa izanen.
Zentzurik ote du gauez karrikak egunaren pare argiztatzeak? Ez ote litzake arduratsuagoa soilik argiztatu beharreko tokiak neurriz argiz janztea? Gauzak zer diren… dagoeneko hasiak garela munduan gauaren babeserako eremuak mugatzen, gure arbasoek liluratu zituzten eta pentsarazten paratu zituzten zeru izarratuaren xarma gal ez dadin.
Gure inguruan herritik mendira salto egitea eta denbora gutian gau ilunaz gozatzea erraza da, baina hiri handietan, badira benetako izarrak inoiz ikusi ez dituzten umeak, izarrak liburuetan eta planetarioetan daudela uste dutenak. Pentsa dezagun pixka bat. Argiaren kultura zabaltzeko, kutsadura isilaz ohartzea lehenbiziko pausua izanen da. Pasatu gabon.