Enpresa hornitzaileek udalei egiten dieten iruzur orokorra

Herritarrengandik hurbilen dagoen administrazio publikoak, toki-administrazioak hain zuzen ere, herritar horien beharrak eta nahiak asetzen lagunduko duten jarduerak  eta zerbitzuak sustatzen eta eskaintzen ditu. Ez dago esan beharrik horretarako ezinbestekoa dela behar adinako aurrekontua edukitzea. Eta aurrekontu hori zergekin osatzen da, besteak beste  enpresa hornitzaileei (argindarra, ura, gasa…) kobratzen zaizkien zergekin.

Enpresa hornitzaileek espazio publikoak erabiltzen dituzte beren bezeroak hornitzeko. Lurpeko eroanbideak, hoditeriak eta aireko lineak eremu publikoetan barna igarotzen dira, konpainia pribatu horiek baliatu egiten dituzte eta, dagokion araudiak horrela agintzen duenez, lurraren jabea den udalari tasa bat ordaindu behar diote. Udalari ordaindu beharreko tasa hori % 1,5ekoa da, eta ehuneko hori enpresa hornitzaile horiek udalerriaren eremuaren barruan lortzen duten fakturazio gordinari aplikatzen zaio.

Fakturazioaren aitorpen horretan iruzur egiten bada, diru hori, herritarren beharrak asetzeko erabili beharrean, multinazional handi batzuen mozkinak gizentzeko erabiliko da. Sinplea bezain bidegabea.

Izan ere, bidegabekeria fiskala ez da soil-soilik gizarte-desberdintasuna murrizten ez duten zerga-tipoak ezartzea: BEZak egiten duena, esate baterako, zerga hori berdin-berdin ordaintzen baitute Botin familiak eta aitonaren pentsioari esker bizi den familia batek. Eta bidegabekeria fiskal hori ez da soil-soilik gizarte-desberdintasunak zuzentzeko gehien duenari gehiago ordainaraziko dioten politika fiskalak ez ezartzea. Horiez gain, zergen aplikazioa ere gogoan izan behar da eta horri ere arreta jarri behar zaio.

«Enpresa batek Udalari eman beharreko 108.000 euro baino gehiago ordaindu gabe utzi zituen»

Soldatapeko langileok gure errenten azkeneko zentimoa ere oker txikiena egiteko aukerarik gabe aitortu behar izaten dugu. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, sozietateen gaineko zergarekin. ELA sindikatuak publikatutako datuek diotenez, Nafarroan enpresen % 75ak adierazten du galerak dituela edo irabazirik ez duela. Bai, jakina…

Bada, antzeko zerbait gertatzen da aipatutako % 1,5eko tasa horrekin. Enpresa hornitzaileak berak jakinarazten dio udalari, hain zuzen ere, tasa hori aplikatzeko erabiltzen den datua, alegia, lortutako fakturazio gordinari buruzko datua. TRACASAren laguntzarekin (Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoa) ikuskaritza fiskal bat egin ondoren, ordea, jakin dugu enpresa horietako gehienek aitortutako zenbatekoak benetakoak baino askoz txikiagoak zirela. A zer ustekabea!

Gure udalerrian jardunean ari diren enpresa hornitzaile ia guztiek benetakoak baino kopuru txikiagoak aitortu zituzten, nahiz eta, hau ere esan beharra dago, ez dute denek berdin jokatu. Zenbait kasutan aldea ia-ia hutsaren hurrena izan da (beti haien alde izan den arren). Baina beste zenbaitetan, ordea, kopuruak larritzeko modukoak dira.

Leitzako kasuan, ikuskapena egin zaion enpresa horietako batek, berak bakarrik, lau urteko epean ordaindu gabe utzi zituen Leitzako Udalari ordaindu beharreko 108.000 € baino gehiago (preskripzio-epeen ondorioz ezin dira aurreko urteei dagozkienak erreklamatu). Datu mingarria, kontuan izanda gure udalaren urteko aurrekontua bi milioi eta erdi euro ingurukoa dela. Zenbat behar ase litezkeen dirutza horrekin!

Jakina, egoera hori ikusita eta interes publikoaren alde eginez, Leitzako Udalak, zerga-arloko arau-hauste larriak direla-eta, zigor-espediente bana abiatu du behar baino gutxiago aitortu duten enpresa hornitzaile guztien aurka.

Nolanahi ere, lerro hauek idaztera bultzatu nauena uste sendo bat izan da: ez dut uste Leitza salbuespena izanen denik enpresa hornitzaile hauek egin duten iruzurrezko praktikan, eta antzeko zerbait gertatzen ariko da gainerako udalerrietan. Ikuskatzea egin zaien enpresa ia guztiek Leitzan irabazi gutxiago aitortu izanak erakusten du praktika hori oso orokorra dela.

Aukerarik egokiena izanen litzateke onartzen den legeriak kontrol-mekanismoak ezartzea, itxuraz hain orokorrak diren iruzurrezko jardun horiek galarazteko. Hala ere, bitartean, garrantzitsua da udalok jakitea baditugula aitorpen horiek berrikusteko baliabideak, TRACASA esate baterako.

Bukatzeko, jakin dezatela enpresa hauek, bidenabar, Leitzan ez diegula utziko iruzur egiten jarrai dezaten, eta ez dugula onartuko gure herritarren beharrak asetzeko erabili behar den dirua multinazional handien administrazio-kontseiluetara joan dadin, edo mozkinen banaketara, paradisu fiskaletako kontuetara, edo batek daki nora.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun