Hiru sagarroikume

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Taberna Irazoki

Gure aita zenaren anaia bat barkuan joan zen Argentinara 1928an, hemezortzi urte bertzerik ez zuela, polizoi. Haren seme-alaben seme-alabak etorri zaizkigu bisitan uda honetan, han negua zela probestuta.

Egunero, euren matea xurrupatu ondotik, gurekin ibili dira batera eta bertzera, eta begiak bete dituzte hemengo mendiak eta oihanak ikusirik, hemengo koloreak. Eta ikusi dute zer jaten dugun, nolakoak garen; ikasi dute zer gustu-klase dugun, zer amets… Gure solasaren musika ere aditu dute. Deskubritu dute edo hobeki ezagutu dute euskara, haien atautxiren mintzaira zena. Hitz batzuk ikasi dituzte: egun on, pasa gabon, osasuna… Ez dakit etorri aitzinetik zer pentsatzen zuten, baina uste dut interes handiagoarekin joan direla bueltan. Haiek bizi diren tokitik ez aparte maputxeen lurraldea da. Herri indigena horrek ere badu bere hizkuntza propioa, eta eskoletan zerbait erakusten omen dute, baina solas-modu hark ere bizirik irauteko nahiko lan. Ez dakit gure jendakiek orain diferente ikusiko ote dituzten bertako natiboak bide zirenen ondokoak, gu ere kultura zanpatu baten parte garela jakinik.

Bero handia egin zuen argentinarrak gure artean ibili ziren egunetan. Termometroak goiti egin zuen gupidarik gabe. Deitura bat baino gehiago eman genion, baina niri auzoko lagun bati aditu niona gelditu zitzaidan kaskoan: udak bero benenotua ekarri zigula erran zidan. Nola sartu ote zaio pozoia beroari? Nondik edo zergatik? Heldu diren urteetan martxa bera izanen omen dugu, gero eta okerrago. Hala diote. Zer eginen dugu bizitokia infernu bihurtzen bazaigu?

Aurtengoa jasan dugu nolazpait ere, baina lerro hauek eskribitzen ari naizen tenorean oraindik ere agortea dugu. Lurra zekendu baita, onddo faltan gibelurdin multxo bat egin digu opari oihaneko gure baratzeak, eta eskerrak eman dizkiogu. Lehentxeago edo geroxeago aspertzeko adina euri izanen dugula erran dit leitzar adiskideak, ez apuratzeko. Ez dakit zer pentsatu, baina hala bedi.

Bertzela, hemen bizitzak segitzen du, laino guzien azpitik eta sasi guzien gainetik. Halaxe etorri da buruila, eta hiru urteko gure biloba sorgina Altzateko eskolan hasi da. Sei urteko bere anaiaren eskutik joan da, bi ile-motots buruan kulunkan, begiak zabal-zabal eta bihotza dantzan. Hori ere lurralde arrotzean lehenbiziko aldiz sartzea bezala da, bertze neska-mutikoen artean. Ea nola moldatzen diren.

Mendi buelta ematera ere joan gara etxekoak. Besarkatu ditugu pago enborrak; mihauritu ditugu ahoa zabalik ikusi ditugun gaztaina-morkotsak, dentistak haginak ateratzen dituen bezala; aditu dugu okilaren txalaparta-kontzertua; eta irri egin dugu katakurtxintxa bati begira, aldaxkatik aldaxkara zirkua egiten nola aritu zaigun.

Eta Andonik hiru sagarroikume jaio berri aurkitu ditu orbel mukuruaren azpian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun