Leiho zabala zuen eguzkialdera, eta kontatu zidan izugarria zela goizero handik sartzen zitzaion argitasuna. Komentatu genuen lertsunek ere zerbait sumatu bide zutela, urte sasoiaren kanbioa heldu zela edo, hasiak zirelako bueltan iparraldera berriz, eta galdetu nion ez ote zuen aditu haien kur-kur-kur kanta.
Aspaldiko denboraz mintzatu ginen. Hamaika aldiz elkarri kontatuak berriz ere ekarri genituen mingainera. Istorio igualtsuak aldiro zerbait aldatzen genituenak. Solasaldi interesgarria beti. Bazuen zer kontatu, hainbertze proiektutan saiatu baitzen eta hainbertze jende ezagutu bere bizialdian. Eta aditzen ere bazekien, ez zuelako sekula ase bere jakin-mina, beti gehiago ikasi nahi.
Sortzez donostiarra bazen ere, Donezteben eta Lesakan zituen zainak aitaren aldeko familiak, eta berak bidasotartzat hartzen zuen bere burua. Denbora puska bat eman zuen Txingudiko badiak ukitzen dituen lurretan bizitzen, eta gero goitixeago etorri zen Estherrekin batera, izokinen gisara, batez ere Beran eta Lesakan lantzeko gehien maite zuen terrenoa, teatrogintza.
2016an hurbildu ginen elkarrengana. Oroit(h)arri antzerki-tailerrean parte hartzera gonbidatu ninduen, memoria historikoa jorratzeko obra bat sortu nahi zutelako Beran, Ramonek berak eta Estherrek zuzenduta, herriko udalaren laguntzarekin eta gehienbat herriko jendearekin. Harritik Hazia izena eman genion denen artean sortu genuen izaki berriari. Dudarik gabe, egundaino bizitu dudan esperientzia ederrenetakoa izan zen. Nik bakarrik dakit zenbat ikasi nuen lagun talde hartan, zein aberasgarria izan zen. Handik aitzinera, maixu erran izan diot beti Ramoni (eta ez naiz bakarra).
Astearte hartan berean, Ttipi-Ttaparako artikulua egin behar nuela ere erran nion, galdetu baitzidan zertan ari nintzen. Ordukoz lerro multzo polita idatzia nuen bertze kontu baten gainean. Despeditu ginenean, begietara begira, bihotzetik bihotzera, eskuak elkarri estutu genizkion biok, batek bertzearen berotasuna sentitzeko.
Igandeko goizaldean mezu bat ailegatu zitzaidan telefonora, Ramonek idatzitako hitzak ziren bere familia zabala kontsideratzen zuenari zuzenduak, seguru bere-berea zuen eta beti isurtzen zuen irri xorta batekin bidaliak: gaur jauzi egin dut unibertsora / Mila esker bihotzez bizitza honetan elkarrekin bideak gurutzatu izanagatik, maite zaituztet ene arima osoarekin.
Gaur dena da basalore ezin biziagoa Txingudiko badiatik Imozko zure xokoraino; ailegatu zaie notizia. Eskerrik asko aunitz, Ramon Albistur Marin! Guk ere maite zaitugu.