Gaitzak bentzutu duen lagun baten izenean izan da elizako gaurko funtzioa. Baginen herritar aunitz eta kanpoko ez gutti. Defuntua ez zen zaharra, baina badakizue inork ez dugula segurua biharamuna; alegia, harako erran hura: gazteak segurantzarik ez, zaharrak eskaporik ez.
Ez zaigu arrotza harrizko santuen egoitza, jaio eta agudo bataiatu gintuztelakoz hantxe berean katolikoen manerara. Ikasi behar izan genuen dotrina eta hango hiztegi partikularra. Haren arrastoa gelditu izanen zaigu segur aski, baina aspaldi samar urrundu ginen kristauen komunitatetik.
Ordea, ez dugu bizkarra ematen bertara sartzera gonbidatzen gaituztenean. Ez gara kanpoan gelditu meza denboran agerian uzteko gu ez garela hango bezero. Sartu egin gara, deitu gaituztenei lagun egitera.
Ohartu gara jende aunitzek ez duela segitu elizako liturgia. Mugimendu eta keinu batzuk bai, baina ez aitaren egin, ezta apezaren solas-katean parte hartu ere. Bistan da, baziren gehiago gure gisara joanak zirenak.
Elizak ongi prestatua du honelako despedidak egiteko behar den guzia, profesionalen modura: non egin, nork gidatu zeremonia, eta protokolo jakin bat, hitzak eta kantak.
Zer gertatuko da gu hiltzen garen egunean, oraingo gure pentsamendu eta ideietatik kanbiatzen ez bagara? Gure jendakiek eta hurbileko lagun eta ezagunek ere beharbada juntatu nahiko dute gisako zerbait egiteko. Ez badiegu guk lehenagotik agintzen txorakeriez ahanzteko; besta eder bat egiteko eta kito.
Jadaneko izanak gara «hileta zibila» ere deitzen zaien horietako batzuetan. Iruñeko kanposantuko erraustegian, mendi kasko batean edo herriko plazan. Horrela hasi direnak bide berriak irekitzen ari dira, ondotik heldu garenontzat balio izaten ahal dutenak.
Horretarako ere jendea biltzeko leku egokiak beharko dira. Gure eskualdeko udal batzuk hasiak omen dira horretaz pentsatzen eta aukera batzuk proposatzen. Ongi iruditzen zait. Beharrezkoa. Elizako agintariekin tratua ere egiten ahal da, lekua utz dezaten. Zergatik ez?
Baina tokia izateaz aparte, bilera horietan nork-zer erran eta nola? Ikasiko dugu. Usadio berriak etorriko dira egitearen poderioz.
Ostatu bateko terrazan jartzeko tokia harrapatu dugu elizatik atera eta gero. Estimatu dugu platano-arbolen adar hostoz jauntziek ematen ziguten itzala. Hileten aferaz eta gauza gehiagoz aritu gara aspaldiko lagun onekin. Arkulo bat pasatu da gure gainetik hegaka, eta herrian aunitzek Txorua deitzen diotenak hil berriaren arima zela erran du, hegaka joaki zena.