Uholdeak

Mediterraneo aldetik ailegatu zaizkigun notiziak ikusi eta adituta, burua hasten zaizu lanean zu bizi zaren inguruan horrelakorik gertatzen balitz zer ondorio utziko ote lukeen.

Memoriak ekartzen dizkigu guk geronek edo gure hurbilekoek ezaguturiko euriketa handiak, gero eta maizago direnak, eta haiengatik izan diren kalteak. Joan den urtean berean, orain dela hiru urte... Eta horrela oroitze kate bat, frankotan bihotzaren paretetako euri-negarrarekin lotua. 1983ko abuztukoa ere ez da aunitzen gogotik aisa galduko.

Baina gibelago eginez, gure zaharrek kontatu digutenagatik dakigu hemen marka guziak hautsi zituena 1913ko ekainaren 2an izan zela. Egun hartan Hauza mendian zenbat bota zuen ez dugu daturik, baina sekulakoa izan omen zen. Mendiaren alde batera bezala bertzera ere hedatu zen ur-masa. Ur-xirripak erreka bihurtu ziren, erreka koxkorrak ibai, eta ibaiak itsaso. Baigorritik Baionaraino izan zen ardatz bat, Errobi; eta Erratzutik Txingudiraino bertze bat, Baztan-Bidasoa.

Jendea ustekabean harrapatu zuen; nola jakin zer heldu zen? Zerua belztu, eta goibelak botaka hasi ziren, jautsi ahala. Baina nork pentsatu behar zuen hainbertzekoa izanen zela? Ez zen telefonorik herritik herrira abisatzeko, eta jendeak ezin izan zituen bere ondasunak leku segurura mugitu.

Harro eta orroka, ur uherrak etxeak eta zubiak bota zituen, eta herrestan eraman zuen harrapatu zuen guzia: arbolak, harriak, sagardo-barrikak... baita aziendak eta pertsonak ere. Orduko prentsan irakurtzen ahal dira herrietako kronikak, baina aunitzek Txirritaren bertsoen bitartez ikasi izanen zuten zer tamainatako deskalabrua gertatu zen gure paraje hauetan: Deklaratzera nua kaso bat, Valle Baztanen pasia. Ereñotzuko bertsolariak ederki llaburtu zuen jendearen sentimendua: azken juiziyo eguna zala pentsatu zuben jendiak.

Ura bere bidera bueltatu zenean, bazterretan agerian gelditu zen hondamendia. Amuarrain eta izokinak ere baziren nonahi landa-zelaietan aireak itota; laborariak arrantzale bihurtu ziren halabeharrez. Bidasoko trenbidea egiteko lanetan ari zen jende-tropa ederki nardatu omen zen, arrantxotako izokina eman zietelako zenbait egunez. Greba egin omen zuten horregatik. Baina urak gehiena utzi zuena, segur aski, oinazea eta miseria izanen zen. Historiaren liburuan gelditu diren lezioak, denek ikasi beharrekoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun