Haize hegoa

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Taberna Irazoki 2023ko uzt. 16a, 11:00

Haize hego gogorra atera du Nafarroako beheitiko partean, Ebro bazterrean, eta Bidasoaren ondoraino hedatu da.

Haren orroa aditu da toki guzietan: hordago! Dantzan jarri gaitu, eta aitzin horretan karrikak jendez bete ditugu Iruñean, oihuka: euskara ofiziala nahi dugu Nafarroa osoan, Cortestik Beraraino! Zer arraio! Horrek lagunduko luke batzuek erein duten beldurra uxatzen. Jende gehiagok ikasiko luke eta laburtuko lirateke gure arteko distantziak. Zergatik hainbertze traba euskarari? Bertako hizkuntza bat izaki eta, nola liteke?

Nafarroako puska handi samar batean euskara ez da ofiziala, arrotza balitz bezala tratatzen da. Iduri du politika hori defenditzen dutenek han bizi direnei erraten dietela «nafar lur honetako ondasun guziak dastatzen ahal dituzue: Iratiko oihana, Iruñeko sanferminak, Ultzamako gaztanbera, Orbaibarko erromanikoa, Erriberako barazkiak, Lodosako piperrak, Sakanako txistorra, Zugarramurdiko sorginak, Bidasoko izokina, Bardeako basamortua, Lizarrako larraindantza...; den-denak, bat kenduta: ez ezazue ukitu ere egin arbola madarikatuak ematen duen fruitu pozoitsu hori, zeren, hori egiten baduzue, paradisu honetatik kanpora joan beharko baituzue eta deusetarako balio ez duen hizkuntza baten karga jasan beharko baituzue zeuen bizi osoan». Alegia, haien alde ari balira bezala, haiek babestu eta zaindu nahian.

Baina ez dute jende guzia horrelako predikuekin engainatzen, eta kanpaina hau martxan paratu dutenek nahi dute haien herrietan ere euskara ofiziala izatea. Kutsatu nahi dute, eta gaitz gaiztoa sufritzeko prest dira. Eta gainera haserretu eta koleratu egiten dira, arrazoi osoarekin, gainerako nafarren aukera berberak izan nahi dituztelako hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko. Sexuaren gainean aspaldi aditu genuen erretolikarekin ere badu antza: ez ukitu, ez egin, ezta pentsatu ere! Hura ere politika zen. Utzi diezaietela euren borondatez bekatu egitera Nafarroako hegoaldean hordago jo dutenei, utzi euskararen sagarrari ausiki egitera. Datozela euskaraz bizi nahi dugunon infernura. Paradisutik kanpora ere bada bizi ederrik. Aspalditik gaude kondenatuak. Gabriel Arestik bezala, guk ere gaurgero ez dugu zerurik espero.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun