Entendimentuz jauntziak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Taberna Irazoki 2023ko ots. 19a, 09:00

Alde egiteko tenorean, despeditzeko eta jendeari adio errateko, Agur jaunak kantatzeko ohitura dugu aspalditik zabaldua gure artean

Makina bat urte eman ditugu bista txar samarrarekin, noizbait ere antiojoak paratu ditugun arte. Orduz geroztik, «Agur jaunak eta andreak» erraten dugu, melodia berarekin, kanta pixka bat egokituz. Oraindik ez dute hala egiten talde guziek, baina frankok bai. Eguberrietako bertze kanta batekin ere gauza bertsua gertatzen da: «Hator mutil etxera» erraten dugu; eta etxean neskarik falta bada, hor konpon. Kostata, baina ohartu naiz zenbait tokitan hasia dela jendea «...eragion neska aurreko danbolin horri» ere kantatzen. Hala ere, zenbaitek uste du horrela traizioa egiten zaiola tradiziozko kantari. Niri ez zait hala iruditzen; uste dut ez dela batere hondatzen hitzen mezua eta kantek ez dutela euren funtsaren pizarrik ere galtzen. Alegia, konforme naiz moldaketa horiekin.

Ordea, bertzelako aldaketa batzuek ez didate halako graziarik egiten. Mutiko koxkorra nintzen denboran, haurrak etxez etxe eskean ibiltzeko eguna izaten zen inauterietako ortzegun gizena. «Eup!» oihu egin edo atean kax-kax! jo, eta honela kantatzen genuen: «Pelegrino, pelegrino! Una limosnita por amor de dios! Zingar arraultze, zingar arraultze! Bat ez bada bertze, bertze!». Usadio horrek segitzen du, eta orain ere haurrak dira karnabaletako lehenbiziko ortzegunean atez ate ibiltzen direnak, gu ibiltzen ginen gisara. Baina haien ahotik ez dira solas berberak ateratzen: «Zingar arraultze...» hasten dira. Ez dakit nola galdu ote den falta den puska. Erdaraz delakoz kendu ote dute? Hala baldin bada, hutsegite handia iruditzen zait. Nire iduriko, noizbait norbaitek hori hala erabaki bazuen, ez zuen entenditu hitz horiek zuten funtzioa, inauterien martxan bete-betean sartzen zena: parodia egitea (denbora bateko erromesena), antzerkia, umorea.

Eta, soka beretik tiraka, harritu nauen bertze aldaketa kontu bat ere irakurri dut berriki prentsan: norbaitek proposatu du haurrei ez erakustea Olentzero kantaren betiko hitzak, eta kantatik kentzea «pipa hortzean duela», «botila ardoakin», «hamar arroako zahagia», «urde tripa handia»..., horiek etsenplu txarra ematen bide dutelakoz (alkohola, tabakoa, eta ez dakit zer gehiago). Zer nahi duzue erratea? Hori ere ez dut konprenitzen.

Dudarik ez da, bakoitza geure arrazoiaren jabe gara, baina zurea eta nirea diferente. Denak olentzero samarrak baikara, entendimentuz ongi jauntziak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun