Bertzelako solasak ere konprenituko dizkiozu, estreinako aldian ez bada bigarrenean; bere maneran adieraziko dizkizu eta zuk jakinen duzu zer den gauza bakoitza. Oraindik haur-hizkera da gehienbat zuen arteko hizkuntza: «apapa», «ttotto», «kika», «punbala»; gero, poliki-poliki joanen da helduen munduko hitzak ikasten, adiskidetzeko eta haserretzekoak, maitatzeko eta gorrotatzeko formula guziak. Zuk behin eta berriz erranen dizkiozu eta berak aldiro ekarriko dizkizu bueltan, frontoiko paretaren kontra pilotarekin ariko bazina bezala.
Ez da maiz gertatzen, baina gaur zurekin aterako da paseatzera, aita eta ama lantokian ari baitira. Hartu duzu haren aulkia, gurpilduna, eta azpian sartu badaezpada ere beharko dituzuen puska guziak: jostailuak, jan-edatekoak, ipurdia garbitzekoak, jaunztekoak.
Abiatzeko tenorean, aulkian jartzera gonbidatu duzu. Ordea, berak nahiago du oinez, ttaka-ttaka; zu hala baldin bazoaz, zerbaitengatik izanen da. «Ez» erran dizu, eta ezker-eskuin mugitu du eskuko behatza, edo burua, zer adierazi nahi duen dudarik ez izateko. «No» ere izaten da batzuetan; batekin ez badiogu kasu egiten bertzearekin probatzen du.
«Nekatuko duk, alajinkoa!», pentsatu duzu zeure baitan, eta segitu duzue bidean. Xubixabalen nahitaez gelditu behar izan duzue, harri koxkorra errekara botatzeko, putzuan egiten duen plasta aditzeko. Bakarrarekin ez baita konformatzen, denbora puska bat eman duzue bertan, baina ez zaizu inporta; zu zerori ere zenbat aldiz zeure bizian urari begira, sorgindua, eta urarekin jostetan?
Noizbait ere abiatu zarete berriz, tira aitzinera herriko karriketan barna. Kasu eman behar, espaloiak ez baitira behar bezain zabalak toki gehienetan, eta zolan ere nahi baino koska eta zulo gehiago. Eta errepidera ez hurbildu sobera, motorrak arrisku eta txoferrak ez baitira fidagarri inondik ere. Badakizue badirela han eta hemen toki babesak, txirrista eta bertzelakoz hornituak (bidenabar errateko, ez denak, ez beti, behar bezala zainduak), eta horietako batera ailegatzea duzu burutan. Harat joaki zaretela, halako batean taka gelditu da zure ondoan doan minipertsona, ezaguna duen etxe bati begira, goizero bisitatzen baitu: Mukixu haur eskola. Gaur ere ez da posible bertara sartzea, eta ez du entenditzen sobera ongi zergatik. Pankarta horian paratzen duena atera zaizu ahotik: «Mukixuko langileak GREBAN». «Geban!» errepikatu du gaurko zure lagunak. Haren azpitik pasatu zarete, eta pentsatu duzu modu horretan lehenbiziko aldiz sartu dela sinbolikoki ttikia bizitza errealaren karrika luzean, han non injustizia agertuko zaion noiznahi ezkereskuin eta modu batean edo bertzean jokatu beharko duen; «Geban!» oihu eginez, konparazio batera.