Kantuz

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Taberna Irazoki 2022ko ots. 19a, 10:00

Ilun dago Iruñeko zeru zabala; ordu pare bat eskas eguzkia gorderik mendien gibelean. Ttipi-ttapa, Parte Zaharreko karrika estu bateraino ailegatu dira gure pausoak.

Ez gaude bakarrik, lehendik bai baitziren bertan, eta gure ondotik ere etorriko dira bertze batzuk. Aurpegi osoa ez diogu ikusten elkarri, baina begiak irakurtzen ere ikasi dugu. Nerbioak etxean utzi ditugu eta kontent gaude. Etxe zaharreko ate handia ireki dute, eta barrenera sartu gara hogei bat lagun. Historia bat eta hamaika istorio gordetzen dituen txokoan gaude. Leihoa eta atea zabalik utzi ditugu nahita, eta haize hotzari ongietorri egin diogu broma artean. Itxi gabeko borobilean jarri gara, bakoitzak berak lehendik dakien tokian, ordenak emanen dizkigun gidariari begira denok. Hasi baino lehen gorputza nola laxatu erakutsi digu; yoga edo gimnasia saio bat izaten ahal zen, baina ez da. Boza berotzen ere hasi gara, ez baita komeni kolpean deus bortxatzea eta horretan arituko baikara: musikaz jauntziriko hitzak aireratzen.

Gehienbat Iparraldeko kantak. Irakasle zuberotar gazteak bere lurreko altxorretik bereizten dizkigu, baratzeko fruituak saskian paraturik gure begietara agertzen dituen laboraria balitz bezala: Bedatsearen heltzean, Bortüetako elhürra, Ekialde, Gerezitzeak lilitan, Irustarzüna, Jondane Johane, Oihaneko zühainetan... Saiatzen da guri erakusten solas bakoitza nola erran behar den. Kanta ongi konprenitu behar dugu eta mezua sentitu. Tarteka errieta ere egiten digu, behar bezala kasurik egiten ez diogula uste badu.

Kostako zaigu ikastea zuberotarrek bezala kantatzen. Baina gure aldetik gogo eta borondate faltarik ez. Txoko honetan trebatzen gara, baina gero kanpoan aditu behar digute. «Bestela, zertarako ari gara?», galdetzen digu irakasleak. Eta aitzin horretan, egun batean atera gara gure zulotik kanpora; Iruñe zaharreko karriketan barna ibili gara kantari. Jendea ondora etorri zaigu, zerbaiten gose nik uste. Giro polita sortu da.

Haren ondotik, gure betiko aterpean juntatu garen hurrengo aldian, solas egin dugu geure artean. Maria Luisa kantulaguna medikua da, eta badaki: «Ze poza ageri zuten guri aditzera gelditzen zirenek! Jendeak honelako gauzak behar ditu... eta guk ere bai!». Denbora luzea eman dugu isilik, kezkaz eta beldurrez, eta elkarrengandik aparte. Orain berriz ere hasi gara kantuan lagun taldean, eta hala segitu nahiko genuke, maskararekin bada ere. Kontuz, baina kantuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun