Autobus bat nahi nuke

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Taberna Irazoki 2021ko ira. 11a, 11:00

Tarteka sartzen zait burutan bueltatu nahiko nukeela sorterrira bizitzera, urte osora luzatu udako egonaldia.

Aurtengoan, mintzatu gara senar hil berria bilatzen ari zen alargun deskontsolatuarekin, haren baratze abandonatuan gailentzen hasia zen lapaitzari begira. Guraso hegoamerikarrak dituen neskatxa gazteak euskara ederrean atenditu gaitu dendan, irria ezpainetan. Eta martin arrantzale bat hegaka jo dugu begiz Bidaso bazterrean, tximista urdin bat; bertan ito den gazte ginearraren arima Afrikara eramaki zuen mokoan. Lantegi handiaren parean pankarta zabalik protesta egiten ari ziren langileekin elkartu da Parisko Citroën fabrikan 1968ko maiatzean bi hilabeteko greba egin zuen gizon zimela. Itzuliko nintzateke herrira bizitzera, bai, jakin goserik izanez gero bertan ere ez baita falta zer jan. Pintura erakusketara joan gara kultur etxera, eta han artista negarrez, ezin jakin pozagatik edo tristuraz, koadroetako pertsonaiak ihesi joan zaizkiolakoz, sobera bizirik pintatuak izaki. Erakusketa aretoa ere bisitatu dugu, hango lagunen mezu ausarta ebasteko fanzine baten orrietan gordeta. «Lesbiana naiz» garrasi egin du bertsolariak plazan, eta isilarazi du kantatzera utzi nahi ez zioten arren marmarra. Ilunabarrean, kioskora igan dira tronpetistak, akordeoilaria, gitarra jotzaileak, kantariak, batzuk soraioxko bertzeek alegrantzia kutsakorra parrastaka, eta ahate batek bururen buru gurutzatu du ikus-entzuleen zeru puska. Egun seinalatuan ez da etxafuegoen zapartik aditu auzoan, arkulo herbaldu bat ikusi dugu herrestaka lurrean, eta hamaika lasterkari eta txirrindulari gurutzatu ditugu trenbide zaharrean, eskumuturreko ordulariari begira, errekorrak hausteko prest. Ez zekiten gure lagun batek irabaziko zuela karrera olinpikoa, ospitaleko ZIUaren tunelean burua makurtu gabe hilabete bat eman ondotik. Biba hi!

Ordea, urteak eta urteak dirauen bertze pandemia klase batek ostatu bat hil du berriz ere uztail gorrian, ehun eta bederatzi urte bete berri zituen jatetxe xarmanta, hainbertze aldiz idorpea eman diguna; ttanttaka ari zaigu desagertzen mundu bat, ekonomia bat eta bizimodu bat, eta nago ez ote genukeen saiatu beharko barrikada paratzen, zerbait asmatzen, gure herriak ez daitezen bihurtu lotoki huts edo jendeak kanpora eskapu egin baino lehen. Bizi banaiz, noizbait ere bueltatuko naiz segur aski jaiolekura bizitzera urteko egun guzietan. Horretarako, baita ere, autobus polit bat nahi nuke, publikoa, ibilbide eta ordu aldetik oraingoak baino puska eskuzabalagoa izan beharko lukeena. Galdu ziguten trenaren faltan, autobus bat beharko genuke, zoko batean herdoiltzen utzita automobil partikular jainkotua (arriskutsu eta kutsagarria), bertzeengana eta bertzeetara noiznahi joateko aukera izanez gero aisago iraunen baikenuke gustura bakoitzak geurean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun