Bistan da, solasak ere dantzara atera behar ditugu plazara, bertzela galdu egiten baitira. Nire beharriek haur eta gazte denboran adituriko hitz aunitz ez dituzte gure seme-alabek ezagutzen orain. Uste dut gaur egun ez ditugula orduan bezala noiznahi ahotik botatzen maldizioak eta irainak, bertze norbaiti min edo burla egitekoak, errieta edo errixta ematekoak… Ez dakit ez ote diren txoil galduko harako «zoldazu zikina», «demonio astopitoa», «ilupa alaen ilupa», «urde aluaª… eta gisakoak. Pena litzateke. Norbaitek erranen dizu utikan halakoak, itsusiak edo zakarrak direlakoz, baina ez nik. Denetik behar du hizkuntzak, bizirik nahi badugu.
«Oraingo jaioberriak euskaraz ariko ote dira heldu izatean?»
Bertze egun batean, Jon Maia etorri zitzaigun Altzateko plazara, kantari gisara, bi musikari kategoriakoekin, Berako Udalak ere bere kultur eskaintza egin baitu uda honetan. Han ere izan ginen, aulkitik aulkira tartea utzirik eta ahoa tapaturik, inork inori ausikirik ez egiteko. Bertsolari ospetsuak kontatu zigun lehenagotik ere aditua geniona, berak «abuela» eta «abuelo» izan zituela, Extremadura eta Zamora aldetik etorriak, mantxurriano deitzen genituen bertze hainbertze bezala, eta harro zela haiengatik, lur honetara etorririk jakin zutelakoz bertan bizitzen, eta ereiten, euren ondotik heldu zirenek aisago laketzeko, eta orain bera gure aitzinean zela, euskaraz gogotik ari. Guk bezalaxe aditu ote zion justu kontrako bidea hartu duen zenbaitek? Ez baitira gutti gure inguruan, euskara jakiki baina kezkarik batere gabe galtzera uzteko prest iduri dutenak. Birus hori ere indartuxea sumatzen dut aspaldi honetan, ez hemendik aparte.
Uztail hondarrean eta abuztu hasieran mundura sortu diren hiru haur suertatu zaizkit etxetik hurbil: Ane, Unax eta Izei (zorionak, bereziki horien ama direnei!). Urretxuko artistak ez bezala, hauek aitatxi eta amatxi euskaldunak dituzte, ama eta aita ere bai. Imajinatu nahi ditut hemendik 60 bat urtera, ni orain nagoen bizitzaren gainalde honetan. Zer kontatuko ote dute bizitzen ari garen istorio sinestezin honi buruz? Eta nola? Oraingo jaioberri hauek euskaraz ariko ote dira emakume eta gizon heldu izatean?