Telebistako leihotik patxada ederrean segitu genuen partida. Sekulakoak egiten ari zen xomorroaren izena ikasi genuen: koronabirusa. Erraten zuten mundu osora zabalduko zela eta neurriak hartu beharko genituzkeela tenorez, baina gure agintariek ez zuten denbora galtzeko gogorik batzuen arkamele kantak aditzen. Eta gu ere kontent, geure axolagabekeria gozoan. Epidemia gure ateraino ailegatu zenean ere, jende jakintsu zentzuduna garrasika ari zitzaigula, ostatuan erdi bromatan aipatzen genituen haren kontuak. Txinan den-dena geldiarazia zuten, kutsatze bideak mozteko. Hemen? Bai, zera! Europan bizi gara, aizu! Mamorro triste batengatik horrenbertzeko beldurra?
Lerro hauek idazten ari naizen honetan (martxoak 23), kutsatuen eta hildakoen zifrak goiti doaz egunetik egunera mugaren bi aldeetan. Orain txinatarrak ari zaizkigu begira (eurek egoera kontrolpean dute). Ospitale eta osasun etxeetan abaila ari dira lanean, baina arrunt kexu dira jendea eta materiala falta dituztelakoz. Garbitzaileak ere abasto eman ezinik. Nor oroitzen da haietaz? Eta higienea izaki gauza oinarrizkoena osasun kolektiboa lortzeko. Zaintzaileak ere igualtsu. Aspaldi salatzen ari ziren batzuk eta bertzeak murrizketak egiten ari zirela, eta pribatizazioak ere bai. Inork dudarik ote zuen zein inportantea den sare publiko horiek izatea eta horiei kontzeko zerga politika zuzenak aplikatzea?
Ez dakit nola egonen ote garen artikulu hau aldizkarian argitaratzen den egunean; nola ote diren bertze lurralde batzuetan, birusak han ere jo baldin badu hemen bezain zakar. Txinan ez bezala, hemen ez dituzte oraindik geldiarazi fabrika gehienak, eta birusaren kutsua hedatzeko ate bat zabal-zabalik uzten dute horrela.
«Alarma egoera hau aukera ezin hobea izaten ahal da pentsatzen hasteko»
Hau pasatzen denean, ondorioak atera beharko ditugu: nola gestionatu den krisi hau, nola bizitu dugun, nola eragin digun (buruan, bihotzean, sakelan). Erne egon beharko dugu agintariek zer erabaki hartzen duten etorriko den krisi ekonomikoaren aitzakiarekin. Ez harritu aprobetxatu nahi badute lehendik aunitz duten gutti horien mesederako eta gehien falta duten gainerakoen kalterako.
Alarma egoera hau, bertzela ere, aukera ezin hobea izaten ahal da gutako bakoitzaren baitan argi gorri bat bizteko, pentsatzen hasteko: eramaki dugun bizimoduaz; elkar zaindu eta laguntzeko antolamenduaz; mundua gobernatzen dutenek, planeta hondatzen ari diren bitartean, plantatu nahi diguten martxaz…