Norbaitek zenbakiak idatziko ditu paperean: zenbat diru gosta den, zenbat jende etorri den ikustera, zenbat txartel saldu diren. Hori bertzerik egiten ez bada, bistan da, eskas geldituko gara. Nola neurtzen ahal da halako artelan batek ikusleen baitan duen eragina? Zer ikasi dugu lehendik ez genekiena? Zerbait pentsarazi digu gerra zaharrei edo gaur egungo gerrei buruz? Gure aitzinekoek edo guk geronek haietan egin dugunaz? Lehenbiziko lerroko trintxeretan eta atzeguardian emakumeek eta gizonek izaniko borrokaldiez? Oraina bertze manera batean ikusteko eta etorkizunari begira pentsatzen hasteko lagundu ote digu batere?
Modu berezian aipatu beharko genuke barrenean aritu garenek bizi izan duguna. Eta hori ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Adin diferenteko hogei lagun juntatu gara, auzolanean eta auzojostetan. Hogei artista, gehienak bat ere esperientziarik gabeak. Hori bai, hagitz gidari onak genituen, eskarmentu handia zutenak. Zenbat erakutsi diguten, eta zenbat ikasi dugun denek elkarrengandik. Eta hori dena, euskaraz.
Badira antzerkigintzan ari diren talde gehiago gure eskualdean, badira kanpoko taldeetan ere ari diren hemengo antzerkilariak, eta inguruko bertze herri batzuetan ere izan dira gurearen gisako esperientziak: herri-antzerkiak, antzerki-lantegiak. Polita litzateke horiek eta guk ere orain sentitu dugun sukarra bertze batzuei kutsatzea eta martxan den dinamika honek bizirik segitzea, eragiten diguten gaiak plazara ateratzeko, hitzaren eta gorputz adierazpenaren bidez istorioak kontatu eta pentsarazteko. Horretan laguntzen ahal dutenek ongi kontuan hartu beharko lukete mundu hau, lehenagotik hartzen ez badute (udaletako kultura teknikariek, eskoletako irakasleek edo zerbait antolatu nahiko lukeen edozeinek).
Bertzalde, ikusten egon zinetenek badakizue Harritik hazia ez zela akabatzen azkeneko kantarekin. Antzezlanaren amaiera bertze proiektu baten hasiera zen eta da. Nahi genuen han partitu ziren haziek fruitua ematea gerora. Eta dagoeneko haziren bat hasia da ernatzen. Uda honetan espero da lurraren azalera agertzea: erne egon, eta agudo ikasiko duzue zer eta non izanen den.