Gerra eta inperialismoa

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Sagastibeltza Lasarte 2026ko maiatzaren 17a

Munduko potentzia nagusiak inplikatuta daude arma lasterketan, tropen eta azpiegitura militarren mugimenduak ikusten ari gara eta gerra foku ugari irekita daude munduan zehar: hau ez al da Mundu Gerra? Iraganaz hitz egitea errazagoa da beti, ez baitu norbere burua posizionatzera eramaten.

Badirudi azken urteetan mendebaldean ezagutu dugun «bake» egoeraren mozorroa erori dela halabeharrez, prezioen garestitzearen, erosteko gaitasunaren okertze orokortuaren eta hainbat enpresaren itxierarekin, hemen inguruan, eta gerra krudelekin urrutiago. Izan ere, krisi garaietan gerra boteredunentzako aterabide errentagarria da: betikoak negozio gehiago egiteko aukerak irekitzen dituzte herrialdeak suntsituz eta berreraikiz, arma industriaren bidez, energiarekin lotutako industriarekin...

Ameriketako Estatu Batuentzat eta haien morroientzat lehentasun bilakatu da baliabide energetikoen eta lehengaien kontrola, eta azken adibidea dugu Irango ofentsiba. AEBek gailentasuna galtzen ari dira Txinaren aurrean (bakoitza bere aliatuekin, noski) eta bakoitzak bere indarguneak probesten ditu; oraintxe bertan, AEBek gaitasun militar eta diplomazia gaitasun handiagoa daukate. Bitartean, pelikula errazak kontatzen dizkigute hainbat komunikabidetan, Trump dela arazo guztien muina eta bera kentzean dena aldatuko dela. Denborak erakutsiko du ez dela hain erraza.

Testuinguru honetan agertu zaigu Sanchez Txinaranzko hurbilpen saiakera batean. Maniobra elektorala ote? Gerraren aurka dagoela esaten dizu, NATO finantzatzen duen bitartean. Ez dago aldaketarik, gastu militarra berdin-berdin ari dira handitzen eta esan gabe doa horrek eragin zuzena duela poliziaren zuriketan eta haien presentzia areagotzean. P.D.: Polizia izatea ez da «beste lan bat».

Orain arte hitz egindakoaren haritik uler daiteke Ekialde Hurbilean AEBek duten papera, Europa-Asia arteko gune geografikoaren kontrola izatea oso garrantzitsua baitzaie. Txinak, nahiz eta nahiko modu diskretuan, Iranen aldeko posizioak hartu ditu.

Puzzle berrira bidean, zein da gure tokia? Galdera hori erantzun aurretik, gu hori zein garen ere argitu beharko genuke.

Maiatzaren 1a pasa berri da dagoenerako eta langile antolatuon indar handi baten beharra premiazkoa da. Alternatiba sozialista bati bidea irekitzeko nahitaezkoa da ortzimuga argi edukitzea; tontor bat igo nahi denean lehendabiziko pausoa norabide egokian eman behar baita. Inperialismoa fase berri batean sartu den honetan, sar dadila langile mugimendua ere fase berri batean, behintzat mundu berri bat eraikitzeko esperantza piztuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun