Bi estatuen fartsa

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Sagastibeltza Lasarte 2025eko urriaren 26a

Urriaren 5a da idazten ari naizen eguna, eta egun ezin aproposagoa da Palestinar auziaren inguruan aritzeko. Atzo Iruñean Palestinarekin Elkartasuna (PE) plataformak erakutsi zuen diskurtso argi eta zorrotzekin jende izugarri atera daitekeela kalera: 50.000 pertsonatik gora, Palestinar erresistentzia aurrera eta Israel desegin lelopean.

Global Sumud Flotillako ehunka kide daude atxilotuta Israelen eskuetan, lau euskaldun tarteko. Eragin handia izan du mundu mailan kontzientzia zabaltzeko eta kaleak hartzera bultzatu ditu masa zabalak herrialde askotan. Palestinarren aldeko borroka munstro sionistaren aurkako borroka izan behar dela gero eta ageriagoa da; Israelen existentziaren zilegitasuna gero eta zalantzagarriagoa da.

Interesgarria iruditu zait aste honetan PEk egindako adierazpena,

agintari eta politikarien adierazpen hutsalen harira (sare sozialetan argitaratuta, nahi duenarentzat). Izan ere, palestinaren aldeko adierazpenak areagotzen ari dira eta askoren (adibide esanguratsua PSOE) aurpegi zuriketa saiakerak amorrua eragiten du. «Bi estatuen soluzioa» ez da soluzio erreal bat. Aurkara, Palestinar erresistentzia ez babesteak edota Israelen karakterizazio ezak, marko kolonizatzailea onartzea dakar.

Historiak erakutsi digu orain arteko bake akordioak (1947, 67, 74, 93...) ez direla soluzio izan. Batetik, Israelgo estatuari zilegitasuna aitortzen dio, berezko izaera kolonialista eta terrorista ezkutatzen dion bitartean. Bestetik, Palestinaren existentzia bermatu dezakeen palestinar erresistentzia kriminalizatzen dute uneoro. Eta beste hainbat eta hainbat puntu, ezin ditugunak hemen sakondu. Gedarren esan bezala:

Nelson Mandelari Hego Afrika zurientzako eta beltzentzako bi estatutan banatzea proposatzea bezala da eta urteetako apartheida ahaztea horrela «bakea» lortzeko.

Esandakoari lotuta dago Trump eta Netanyahuk argitaratu duten Gazarako paktua, zeinak de facto Zisjordania eta Jerusalem Israelen esku uzten dituen. Burla-paktu bat da, zeinarekin Palestinar erresistentzia erabat desagerrarazi nahi duten eta munduaren aurrean bakegile bezala aurkeztu, haiek direnean terrorearen egile. Nork sinesten du palestinarren alde zerbait eginen dutela Trump eta Tony Blair buru dituen «Bake Junta» batek? Azterketa sakonago baterako,

Gedar.eus webgunean ‘Gazarako plana aurkeztu dute Trumpek eta Netanyahuk’ albistea irakurri.

Kalera ateratzen segitzeko momentua da. Israeli boikota sustatzen segitu behar dugu eta arazoaren irtenbidea ezin dugu «zuzenbide internazionalaren» eskuetan utzi. Instituzioak, gobernuak, enpresak... presionatu behar ditugu Israelekin harreman oro eteteko, haien kabuz ez baitute pausorik emanen. Mendebaldeko laguntzaile eta kolaboratzaileak salatzea dagoki-

gu. Palestinar herriak eta bere erresistentziak dirauen era berean, ezinbestekoa da Israelen konplize guztiei bakerik ez ematea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun