Joan dadila Von der Leyen gerrara

Gerra hotsak nahiko hurbil entzun ditugu azken urtean. Aste hauetan «Europaren berrarmatzea»-ri buruz entzun dugu Von der Leyen, Europako Batzordeko presidentea (legeak proposatu ditzakeen organo bakarra! Bozkatu dezakegun Europako Parlamentuak ez du legerik proposatzeko eskumenik).

Berrarmatze horretarako 800.000 milioi euro behar omen dira eta horietatik 650.000, aurrekontu nazionaletatik aterako dira. Ez da txantxetako kontua, Alemaniak jada zor publikoa handitzeko muga konstituzionala aldatuko duela iragarri du eta gainerako herrialdeak ez dira atzean geldituko, modu batean ala bestean. Europako Batasunaren (EB) eta NATOren harremanen estutzea ere aipatu du.

Estatu Batuekiko (AEB) autonomia irabaztea eta eraso posibleen kontrako defentsa dira erabiltzen dituzten aitzakiak, baina AEBrekiko menpekotasuna nabarmena da eta Europako kapital zati batentzako errentagarria den merkatua hedatzea are gehiago. Gainera, AEBetatik autonomia irabaztea de facto ez dakit noiztik bihurtu den onuragarri, Europako agintariek berdin zukutuko badute langileria. Oso zaharra da jada etsaia kanpoan aurkitu beharra.

Bitartean, Alemanian ikus daiteke Rheinmetall armagintza enpresaren irabaziak nola handitu diren azken bi urtetan. Orain gutxi, martxoaren 17an, iragarri zuten Volkswagenen fabrika bat erosi dutela kotxeen ordez armak egiteko. Negozio aukera ederra ikusten dute batzuek heriotzaren sektorean, hildakoak langile klaseak jartzen baititu. Gastu publikoaren murrizketa ere langile klaseak jasanen du.

Diru publiko gehiago arma industriara bideratzera nahi dute (Von der Leyenen hitzetan «defentsa» gastuetan igoerak egiten dituzten herrialdeei presio fiskala jaitsiko zaie). EAEn bertan, Pradalesek bederatzi entitate finantzariorekin egindako aliantza publiko egin da, 4.000 milioi euro bideratzeko armagintzara. Zenbakiak ezkutatzen dituzte eta «ziurtatzen digute gastu soziala ez dela jaitsiko» baina matematikek eta historiak hori ezinezkoa dela erakutsi digute.

Finlandia eta inguruko herrialdeetan jartzen dituzte askok begiak, «han bai ongi daudela gauzak». Ba berriki Petteri Orpo lehen ministroak aitortu dio Pedro Sanchezi modu dramatikoan murriztu behar izan duela gastu publikoa, aurrekontu militarra igotzeko. Ez dezagun ahaztu Finlandian soldaduska mantentzen dela gaur egun. Irratian entzun dut aste honetan segurtasuna zerbitzu publikoa dela, segurtasuna herritarrentzat omen baita... Horrela justifikatzen dute ertzain bakoitzak urtean 4.200€euro gehiago kobratuko duela hemendik aurrera...

Austeritatea eta gerra usaintzen den testuinguruan alderdi politiko parlamentario bat bera ere ez dugu ikusi oposizio zorrotza egiten. Ez du balio «gerrari ez» esan bitartean aurrekontuak onartzea. NATOri Euskal Herrian duela 39 urte ezetz esan izanak ez du orain balio. Kapitalisten gerrari ezezko argia eman behar zaio, langileok klase bezala erantzun besterik ez dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun