Atxikimendu ugari izan zituen mobilizazioak, gaiak sortzen duen ezinegonaren eta jada han eta hemen existitzen diren eragile eta antolakuntzaren seinale. Poztekoa. Atxikimendu ugari izan ditu etzi Bilbon eginen den Munduko Bankuaren konferentziaren aurkako plataformak ere (Munduko Bankuari Ez!).
«Krisi klimakoari aurre egiteko beharrak eta inbertsio aukerak elkar lotzeko helburuz, mundu osoko herrialdeetako agintariak eta inbertsio funtsen zein enpresa teknologiko pribatuen nagusiak bilduko» dira BECen. Energia berriztagarriak, ekonomia berdea, trantsizio ekologikoa... bezalako mozorro-hitzekin saldu nahi digute agintariek konponduko dutela arazoa.
Kapitalismoak aurrera egiteko gehiago, gehiago eta gehiago behar duela jakina da, ordea: lehengai gehiago, baliabide natural gehiago eta ezinbestean, proiektu txikitzaile gehiago.
Etxeberritik Lekunberriko poligonoraino eraiki nahi duten gasbidea. Goizueta, Arano eta Hernani artean, parke eolikoa. Malerrekan ere parke eolikoa. Arantza, Igantzi, Sunbilla eta Etxalarko lurretan, berdina. Erdizko aire zabalean, Magnaren meategia. Eguzki poligono erraldoiak Erreniega mendilerroaren inguruan eta Erriberrin. Kaparrosoko makrogranja. AHTa...
Proiektu txikitzaile horien erro komuna identifikatuta, borroka bakoitzaren potentzialitatea biderkatzen da. Han eta hemengo elkartasuna batzeko aukera irekitzen da eta kasu hauetan bat gehi bat ez da bi, askoz gehiago da. Are gehiago, antolakuntza independentea hauspotzeko aukerak biderkatzen dira, nabarmena baita dena aldatzen ez badugu galduta gaudela.
Etekin ekonomikoaren metaketa bihotz duen gizartean ezin dira gaixotasunak tiritekin konpondu. Kapitalismoaren gorputza horrela da, hainbat hanka eta beso ditu eta edozein modutara gidatuta ere gorputzak ez dio munstro izateari uzten. Bi hankak dira zuzenbidea eta politika instuzionala. Bi besoak dira polizia eta masa komunikabideak. Burua dira enpresari handiak.
Beste modu batera esanda: proiektu txikitzailea bere horretan kapitalismoa da.
Eta bai, asmatu duzu, gorputz horretan sartu beharra dago, baina ez barrutik aldatzeko, baizik eta barrutik ere suntsitzen laguntzeko, eraikiko dugun gorputz berriak kanpotik kolpatzen duen bitartean.