Goazen urte batzuk atzera. II. Mundu Gerra ondoren bi potentzia nagusiren artean zegoen lehia. Mendebaldeko edo Amerikako Estatu Batuen blokea batetik eta Ekialdeko edo Sobietar Batasunaren blokea bestetik. Bakoitzak bere sare militarra, estatu aliatuak eta interesak. Urteek asko egin dute aurrera, ez dago Sobietar Batasunik eta ezta (zoritxarrez) komunismoaren mamu indartsurik mundu mailan. Potentzia kapitalista bakoitza bere blokea nagusitu nahian, Ukrainan, gerra langileria xeheak ordaintzen duen bitartean.
Ezin dugu ahaztu Ukrainako gobernua estatu kolpe batez ezarri zela, AEBk bultzatuta, 2014an. Estatu kolpetik ez askora, zenbait telebista eta hedabide itxi zituzten, baita 2015. urtean alderdi politiko komunistak debekatu ere. NATOk Ukrainako Donetsk eta Lughansken 14.000 hildakotik gora utzi ditu. Ez al dute haiek berdin inporta?
Gainbehera ekonomikoan da AEB orain eta ezegonkortasun sozial eta politikoa handitzen ari da. Industria militarrari bultzada ematen dio gerra honek, baita egonkortasun soziala mantentzeko aukera ere, denok Errusiaren aurka lemapean.
Interesen korapiloari gehiago tira gabe, gerra bezain izugarria iruditu zait hedabide nagusiek zer indar duten nahi duten mezua zabaltzeko. Bonbardaketa etengabea egunkarietan, irratian, hainbat telebista kateetan, errusiarrenganako gorrotoa zabalduz eta interbentziora dei eginez. Twitter bezalako sare sozialak ez dira aparte geratu, errusiar aldeko edukia eta jendearen profilak zentsuratuz eta pro yankeea hauspotuz. Errusiar hedabideak (RT edo Sputnik) debekatu dituzte Europar Batasunean. Orain arteko «futbola ez da politikarako» (Kanouté jokalariari 3.000 euroko multa jarri zioten Palestina jartzen zuen kamiseta erakusteagatik adibidez) azkar ahaztu dute «denok Ukrainarekin» zabaltzeko.
Ustezko bakezaleak, «gerrari ez» diotenak, armak bidaltzen. Ustezko adierazpen askatasunaren defentsa egiten dutenak zentsura aplikatzen. Hauxe da kapitalismoa, norbait harritzen al da jada? Bitartean, etxeko tenperatura pare bat gradu jaisteko eskatzen digute, «gerrikoa pixka bat gehiago estutzeko» diote dirua sobera dutenek. Oinarrizko elikagaien prezioa gora, elektrizitatearena, gasolioarena… Prezio guztiak gora soldata izan ezik. Kontrol soziala gora. 2008an zera zioten: krisialdi batean gaude baina pasako da, etorriko dira garai hobeak. Pandemiarekin berdin. Gerrarekin berdin. Ez badugu dena aldatzen, ez da ezer aldatuko.