Pobreziaren gorakada

Ez da Pablo Hasel lehenengoa –ezta azkena izanen ere– azken instantzian hitzengatik kartzelatzen dutena. Epaitu zuten Willy Toledo Jainkoari buruz hitz egiteagatik, baita Cesar Strawberry –Def con Dos taldeko abeslaria izateagatik ezaguna– umore beltzeko txio batzuengatik.

Atentzioa eman dit Willy Toledok epaiketaren harira egindako elkarrizketa batean nola esan zuen «...Viva Franco esateagatik norbait judizialki epaitzea aberrazio bat iruditzen zait...», adierazpen askatasuna aldarrikatuz higuingarri iruditzen zaionarekiko ere.

Kontua da ‘adierazpen askatasuna denentzat’ horrek aurresuposatzen duela 1: gizaki guztiak berdintasun posizio batean gaudela eta 2: edozein gauza esan daitekeela. Ba ez bata ez bestea. Inplikazio politikoak hainbat arlotara aplikagarriak dira.

1: Mundu honetan batzuek prozesu sozialen gaineko kontrola dute, erabakitzeko gaitasun erreala dute. Horiek (burgesiak), etekin bila han eta hemen, ez dute erreparorik pandemia garaian kalkulu partidistetan denbora galtzeko, osasun larrialdiarekin amaitzeko baliabideak handitu ordez kontrol sozial militarraren hautua egiteko, egiazko informazio gardena eman ordez beldurraren estatua ezartzeko... Kontrara, guri ardura indibidualaren panazea ematen digute eta benetako arduradunak seinalatzen ditugunean, epaitu egiten gaituzte.

2: Ezin da defenditu langile klaseari mugatua zaigun adierazpen askatasuna, edozein gauza esatea ez dela epaigarria esanez.

«Bakoitzak esan dezala pentsatzen duena kulturak erabakiak gauzatzeko gaitasuna dutenek egiaz mozorrotutako gezurrak esatea ahalbidetzen du».

«Bakoitzak esan dezala pentsatzen duena» kulturak, erabakiak gauzatzeko gaitasuna dutenek egiaz mozorrotutako gezurrak esatea ahalbidetzen du, inpunitate osoz. Bestalde, argudioaren sakontasunari begiratu ordez, iritzi guztiak jartzen dira maila berean. Horrek azaleko analisiak eta konfrontazioa soilik ekar ditzake: «zuk hori pentsatzen duzu eta nik hau, bakoitzak pentsa dezala nahi duena». Noski kasu batzuetan hala dela. Zuri musika talde bat gustatuko zaizu eta niri bestea. Baina «ni okupazioaren kontra nago eta zu alde» edo «ni kapitalista naiz, utzi bakoitzari nahi duena egiten» ez dira iritzi soilak.

Pobreziaz beteriko gizartea mantentzen da horrela. Gizartea pobretzen da horrela.

Sakondu dezagun ba iritziaren funtsa den argudioaren sakontasun eta egiazkotasunean. Bestela, Otegi bezala buka daiteke «ertzaintza demokratizatu» behar dela esanez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun