Gero ñabardurak izanen dituzte jarreran —batzuek euskara desager dadila defendatuko dute, eta moderatuenak konformatzen dira bizitza publikoan zokoratzearekin—, baina guttienekoan denak —hasi CCOOrekin, Podemosekin eta PCErekin, eta bukatu Voxekin, Falangerekin eta UPNrekin— ados daude: lehenbiziko erdaldun espainol hiztunak, eta gero gerokoak.
Ez da gauza bera gertatzen euskal nazionalismoarekin; hor, alderdi politiko eta indar nagusiak ez dira ados jartzen euskaldunen alde guttieneko bat defendatzeko ere, eta horretan datza espainolisten abantailetako bat: militantziatik bizi behar du euskaldunak, eta estatuaren boterea aplikatuta gailentzen da espainolista. Hori egiten dute, erraterako, auzitegietara jotzen dutenean eskatzeko euskara ez dadila beharrezkoa izan funtzionario izateko edo arlo publikoan lan egiteko. Meritu handikoa ere ez da, jakinda epaileek Bernabeun bezala arbitratuko dutela —txartel gorria euskaldunari, eta penaltia Real Madrilen alde—, baina ezin erran eraginkorra ez denik egiten dutena, euskararen ofizialtasuna ezerezean uzten ari baitira sententziaz sententzia. Normala izaten da historikoki baztertuta egon den kolektiboak eskubideak eta presentzia publikoa irabazi ahala, pribilegioa izan duen kolektiboak kontra erreakzionatzea.
1960ko hamarkadan, adibidez, Erresuma Batuaren menpe segitzen zuen Irlandako partean eskubide zibilen aldeko mugimendua sortu zuten. Irlandar nazio identitatea zuten biztanleentzat britainiar nazio identitatea zutenen eskubide berberak exijitzen zituen. Ian Paisley apaiz protestanteak piztu zuen horren kontrako erreakzioa. Jatorri britainiar eta protestantea zuen langile klaseari zuzendu zitzaion. Administrazioan eta industrian lanpostu onenak zituzten horiek, eta mezu sinple bat eman zien: «Kontuz jende honi eskubide berberak onartzen badizkiete, daukazuena kenduko dizuete, gain hartuko dizuete... ». Eta horrela sortu zen paisleyiten kontramugimendua: eskubide zibilen aldekoak non, paisleyitak han haien martxak indarrez geldiarazi eta aldarrikapen guziak boikotatzeko. Estatua britainiarra zen, baina Paisleyk ondorioztatu zuen hori ez zela nahikoa britainiazale protestanteen pribilegioari eusteko, eta karrikan ere nagusi izateko mugimendu bat sortu zuen.
«Merezi du erantzun bat ematea kalean». Izan zitezkeen Paisleyren solasak, baina Eneko Andueza Espainiako PSOE alderdiak Euskal Herriaren mendebaldeko hiru probintziatan duen ordezkariak erran zituen, duela hilabete pasatxo. Euskara funtzio publikoan eskatzearen kontra mobilizatu nahi du karrika, oraingoz, euskara eskatzearen alde bakarrik mobilizatu baita. Espainolistek estatua eta epaileak badituzte, baina paisleyitak falta zaizkie.