Bertze gertakari batean ere bat egin zuten hirurek: Europa Bigarren Mundu Gerran zegoenean, Adolf Hitler Alemaniako diktadore naziaren alde armak hartu zituzten, Espainiak antolatu zuen Dibisio Urdinean izena emanda. Naziek kontzentrazio esparruetan milioika judu, preso politiko, ijito, gerrako gatibu, homosexual eta bertze sarraskitzen zituzten bitartean, hiru militar espainiarrek alemanak lagundu zituzten herrialde bat inbaditzen —Sobietar Batasuna—. Espainiara itzuli zirenean, diktadura faxistaren zerbitzura segitu zuten armadan mailaz igotzen hurrengo hamarkadetan.
Gaur egun, hiru militar horiek jendaurreko omenaldiak eta oroigarriak dituzte, baita karriken izenak ere. Europako herrialde aunitzetan debekatua dago Hitlerren, nazien eta faxisten alde aritu zirenak modu horretan oroitzea, Hitler eta naziak, gerra galdu ondotik, gaizkiaren sinonimotzat hartzen baitira Mendebaldeko kulturan. Egia da gaur egun ideologia horien jarraitzaileak berriz ere infekzio bat bezala zabal-tzen ari direla, eta arriskuan paratzen ari direla Europa, baina, kulturalki, pertzepzio orokorra da nazismoa eta faxismoa ez direla onargarriak, ordezkatzen duten arriskuagatik: eskubide galera orokorra, estratifikazio eta bidegabekeria sozial muturrekoa, eta, azken buruan, genozidioa. Hori egin zuten Alemaniako naziek, baita Italiako eta Espainiako faxistek ere. Alemanian eta Italian ez bezala, Espainian faxistek irabazi zuten gerra, baina gaur egun Hitler eta nazismoa iraintzat erabiltzen dituzte, baita eskuindarrek ere. Nola da posible, orduan, faxismoaren, nazismoaren eta Hitlerren alde hil zuten eta hiltzeko prest egon ziren hiru militarrek omenaldi ofizialak izatea?
Ba ez da egin zutenagatik, hirurak ETAk hil zituelako baizik. Eta ez omenaldiak bakarrik; haien memoria legez ere babestua dago, terrorismoa goratzearen eta biktimen umiliazioaren kontrako legearen bidez. Hortaz, inork dudatan paratuko balu ea Hitlerren eta faxismoaren alde borrokatu zirenei datu horiek nabarmendu gabe omenaldi ofizialak egin behar ote zaizkien, biktima ere biktimario izan ote daitekeen kasu horietan, Espainiako Auzitegi Nazionalean bukatzeko arriskua izanen luke, eta, akaso, espetxean akabatzekoa ere bai. Hiru militar horien memoriaren kasuan, nork eta zergatik hil zituen hartu behar da kontuan bakarrik, ez nor ziren eta zer egin zuten.
Hain zuzen, orain Txikirekin eta Otaegirekin kontuan hartu behar omen ez dena, Espainiako diktadura faxistak fusilatu zituen bi etakideen memoria zikintzea jarrera etiko xuxen bat dela defendatzen dutenen arabera.