Mozioa, nola ez, UPNk proposatu zuen. Aurten beteko dira hamar urte alderdi hori oposiziora bidali zutenetik. Gobernuan egin zituen kalamidadezko aitzineko hemeretzi urte horietan UPNk jesukristoren matraka eman zien Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzioei Nafarroaren izena, irudia eta sinbologia toki guzietatik kendu zezaten: hasi ETBko eguraldiko mapekin, eta segi Euskal Autonomia Erkidegoko armarriarekin, Gipuzkoako errepide bazterreko seinaleekin, eta bertze hamaika adibiderekin. Miguel Sanzek, Yolanda Barcinak eta haien sokakoek mantra bat bezala errepikatzen zituzten bi kontzeptu: «errespetu instituzionala» eta «erkidego bereizia» —«comunidad diferenciada» erraten zioten haien hizkuntzan—. Alegia, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez zutela errespetatzen Nafarroa aparteko bertze egitura bat zela, eta muturra sartzen zutela Nafarroari bakarrik zegozkion kontuetan. Ongi.
Euskadiko Pilota Federazioak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako federazioak hartzen ditu. Nazioarteko Pilota Federazioari eskatu dio selekzio ofizialtzat izendatzeko, eta horrek onartu dio. Prozesu horretan guzian, Euskadiko Federazioak ez du Nafarroako instituzio bakar bat ere deusetarako aipatu, baina, hala ere, UPNk Nafarroako Parlamentua nahasi du muturra sartzeko berea ez den kontu batean. Non gelditzen dira, orduan, «errespetu instituzionala» eta «erkidego bereizia»?
Bada, hilaren 6ko mozio horren alde eman zuten botoa UPNz gain parlamentuan ordezkaritza duten bertze bi satelite frankistek ere bai, baina gurutzada santuaren hirukote horrek ez du gehiengorik. Hortaz, nolatan onartu zen mozio hori? Bai ba, Ttipi-Ttapa banatzen den herrietan existitzen ez den alderdi horrek babestu zuelako —horrelako gauzak egiten dituelako ez da existitzen herri horietan, bertzeak bertze—. Espainiako PSOE alderdiaren Nafarroako sukurtsala sortu zenean ez zen «errespetu instituzionalaren» eta «erkidego bereiziaren» hooligan bat, baina gero erretzaile ohiek erretzaileekin hartu ohi duten jarrera hartu zuen, euskara aditu edo ikurrin bat ikusi orduko Santiagorekin batera Espainia ixteraino. Ibai Crespo PSNren Kultura eta Kirol idazkariak azaldu zuen ultrek proposatutako mozio horren alde egiteko arrazoietako bat, Diario de Navarrak bildu zuenez: «Kirolari libreak nahi ditugu, duela egun batzuk ondoan zutenaren aurka jokatzea aukeratu behar ez dutenak». Hara, logika ilogikoa: zein selekziorekin jokatu ezin aukeratzea=kirolari librea.
Eta, hain zuzen, esaldi horren gibelean dago Nafarroako Parlamentuko kuadrilla espainolistak duen egiazko beldurra eta obsesioa: hemendik guttira pilotari nafarren batek erratea ez duela Espainiako piperpotoarekin atera nahi nazioarteko lehiaketetan, eta nahiago duela ikurrina eraman kamisetan.