Oiartzuar gazte haiek

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Rodriguez Landa 2024ko eka. 16a, 11:30

1859an, Oiartzungo herriko etxean zozketa bat egin behar zuten erabakitzeko herriko zein mutil bidaliko zituzten Espainiako armadarekin Rifera gerrara, Afrika iparraldera. Gazte talde batek, ordea, zozketako paperak barrenean zituen kutxa hartu, eta harrika bota zuen. Ondotik, mendira ihesi egin zuten. Antonio Zabala idazle tolosarrak Afrika’ko Gerra (1859-1860) liburuan bildu zuen pasadizoa, Antonio Pirala XIX. mendeko historialari espainiarra iturritzat hartuta.

Espainiako Gobernuak probintziaz probintzia kintatara deitu zuen milaka soldaduko armada bat biltzeko. Nafarroa Garaiak bazuen legezko obligazio hori, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoak ez, foruetan oraindik eutsi egin baitzioten kinten salbuespenari —gerra etxean zutenean bakarrik deitu behar zituzten—. Hala ere, hiru diputazioek pentsatu zuten foruei mesede eginen ziela boluntarioz osatutako espedizio militar bat bidaltzeak. Leopoldo O’Donnell Espainiako Gobernuko buruzagi zen jeneralak kanpaina nazionalista bortitz bat sustatu zuen gerraren alde, eta, giro horretan, diputazioek ondorioztatu zuten hiru probintziek paso eginez gero, aitzakia emanen zietela Madrilgo agintariei foruak gehiago ahultzeko, beldur baitziren egoistatzat edo traidoretzat seinalatuko ote zituzten, bertze probintziak Espainiarengatik sakrifikatzen ziren bitartean.

Zer gertatu zen, ordea? Ezin lortu behar adina boluntario. Gazteek gogo gutti zuten ezagutu ere egiten ez zuten jende baten lurretara joateko tiroak ematera; eta, gehienbat, tiroak hartzera. Baina Espainiarekin ongi gelditzeko espedizioa bai edo bai bidali behar zenez, diputazioek zozketa bidez kintetara deitzeko ideia izan zuten. Eta, hor, Gipuzkoako agintariak segidan ohartu ziren Oiartzungo gazteek zozketaren kutxa xehatuta egin zutena ez zela okurrentzia huts bat; herriz herri gauza bera egiten hasten ahal ziren. Horregatik, Gipuzkoako komandante nagusiak proposatu zuen soldadu talde batekin joatea mendira oiartzuar horiek bila. Agintari zibilak, ordea, kontra agertu ziren, militarrak erabiltzeak Gipuzkoan matxinada bat-edo sortzeko arriskua ekarriko zuelakoan, eta bertzelako manerekin jokatzea erabaki zuten: alkatea eta herriko jendea bidali zituzten mutilen bila, menditik jaitsi zitezen konbentzitzeko. Baita lortu ere, eta, behin herrira bueltan, Manuel Somoza Espainiako Gobernuak Gipuzkoan zuen ordezkariak jendaurrean umiliatu omen zituen, koldarrak izatea leporatuta. Eta, hala, gazte horietako batzuek izena eman omen zuten boluntario gerrara joateko. Hortaz, ez intsumisiorik, eta ez matxinadarik: oiartzuar gazteak bakarrik utzi zituzten agintari gerrazaleen aitzinean.

Gaur egun, Parisko eta Madrilgo kantzilertzetan gero eta maizago erraten dute gerra uste baino hurbilago dugula, eta prest egon behar dugula. Oraingoan, ez ditzagun bakarrik utzi zozketen kutxak xehatuko dituzten hurrengo euskal gazteak, eta Espainiarekin eta Frantziarekin ongi gelditu nahi duenak doaiela bera urrutiko lurretara tiroak ematera eta hartzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun