Nafarroa Garaian, Euskararen Legeak eremu euskaldun izendatzen duen partean EH Bildu izanen da nagusi: 64 udalerritatik 26tan irabazi ditu hauteskundeak. Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdietatik soilik bertze batek, Geroa Baik, lortu du eremu euskalduneko udalerriren batean irabaztea. Bertze 25etan herrietako plataformak nagusitu dira, eta hamabitan ez da zerrenda bakar bat ere aurkeztu. Herriko etxeen mapa horretan, bertze behin, hutsune handi bat dago: alderdi espainolistena.
Izan ere, aitzineko hauteskundeetatik azkartzen ari da joera bat: eremu euskalduna erraten zaionak gero eta argiago ematen die bizkarra alderdi espainolistei. Hasteko, ez dute alkatetza bakar bat ere ez. Bertze adibide nabarmen bat: azken lau urteotan Nafarroan agindu duen alderdiak, Espainiako Alderdi Sozialistaren adarrak, zinegotzi bakarra atera du 64 udalerritan, eta zerrendak hiruzpalautan baino ez ditu aurkeztu. Tradizionalki, eremuan espainolismoaren ordezkari nagusia eskuin neofrankista izan da, baina bistan da garai hobeak ezagutu dituela. UPNk azkenekoz 2011n lortu zuen udalerriren batean zerrenda bozkatuena izatea; eremu euskaldunean izan duen indarguneetako batean izan zen, Baztanen: 1.524 boto (% 33,92) eta bortz zinegotzi lortu zituen –orain, 459 (% 11,65) eta zinegotzi bakarra–. UPNk eta PPk 64 udalerritatik zazpitan bakarrik izanen dute ordezkaritza, eta, gainera, alderdi minoritarioak izanen dira. Nolabaiteko arrakasta izan duen indar espainolista bakarra Zurekin Nafarroa koalizioa izan da, Baztanen bigarren izan baita, eta gobernagarritasunerako giltza baitu.
Egiari zor, herriko etxeetarako hauteskundeetan hautagaiak zuzenean ezagutzeak eragin handia izaten du, eta, horrez gain, alderdietatik aparte aurkezten diren plataformen izaera ideologikoa hagitz ezberdina izan ohi da herriz herri. Segur aski, Nafarroako Parlamenturakoek erakusten dute hobeki herrietako joera ideologikoak zein diren, eta, horietan, espainolismoaren presentzia handiagoa izaten da. Baina hor ere gibelera egiten ari da. 2011n hamahiru udalerritan irabazi zuen alderdi espainolista batek (UPNk); 2015ean, zazpira jaitsi zen kopurua (UPN, berriz); 2019an, eskuina Navarra Suman elkartuta, zortzira igo zuten, eta banatu ondotik, aurten hirutan baino ez da izan bozkatuena alderdi espainolista bat (UPN).
Bai espainolismotik, baina baita euskaltzaletasunetik ere, beti nabarmendu izan da alderdi euskaltzaleek zer-nolako zailtasunak dituzten Nafarroako eskualde erdaldunduetan. Baina azken hauteskundeetan euskaltzaleek gero eta gehiagotan lortu dute ordezkaritza udalerri erdaldunduetan, gero eta alkatetza gehiago irabazi dituzte, eta zenbaitetan EH Bilduk eta Geroa Baik elkarrekin gehiengo osoa ere lortu dute. Ez da hori alderdi espainolisten joera udalerririk euskaldunenetan, eta ez da behar bezain bertze oroitarazten. Zein ote da, orduan, Nafarroa Garai osoko errealitatearekin lotuagoa dagoena?