Baina JeanFrançoisek nahikoa zuen bere kezka nagusiarekin: jornal on bat lortzea, bizitza arrunt zaila baitzegoen bere herrian. Horregatik, pentsatu zuen polizia egitea irtenbide ona izanen zela, soldata on eta seguru bat lortzeko. Familia guzia harro sentitu zen Jean-François akademian graduatu zen egunean. Bere herritik urruti eman zioten postua. Ailegatzean, abisatu zioten badaezpada kontuz ibiltzeko, gobernuaren kontra borrokan ari ziren terrorista komunistak ibiltzen omen zirela batzuetan paraje hartan. Tokatu zitzaion manifestazio liskartsuren bat, eta entenditzen ez zuen gorrotoarekin kontra egiten zion jende hari makilakada batzuk eman beharra. Kuarteletan ere ongi berotzen zuten jendea, baina, orokorrean, bizitza lasaia zuen.
Egun batean, errepideko kontrol bat egiteko agindu zioten. Bi mutil gazte gelditu zituen auto batean. Haien paperak begira ari zela, ikusi zuen zerbait ez zegoela ongi, eta burura etorri zitzaizkion terrorista komunista haietaz aditutakoak. Pistola atera behar zuen, baina mutil haietako bat bizkorrago ibili zen, eta bertan hil zuen Jean-François.
Handik urte batzuetara, alemanak Frantziatik bidali zituzten, eta horien lagun ziren frantsesek ezarri zuten diktadura indarrez kendu zuten. Demokrazia ezarri zen, baina terrorismoa ez zen desagertu. Belaunaldi berriak agertu ziren, bertze talde batzuk, atentatuak, manifestazioak eta liskarrak... urteak pasatu ziren, baina garai bateko ideologia komunista bertsukoak ziren. Edo hori iduritzen zitzaion Jean-François zenaren familiari. Ikusi zutenean erakunde publikoak omenaldiak antolatzen hasi zirela talde terrorista horiek hildakoei, herriko alkateari idatzi zioten. Urte aunitz ziren Jean-François hil zutela, baina familia ez bertze inor ez zen hartaz oroitzen.
Alkateari eskatu zioten omenaldi publiko bat egiteko, eta karrika bati haren izena emateko plaka eta guzi, bertzeekin egin bezala. Denbora luzean esperatu zuten alkatearen erantzuna, eta, ailegatu zenean, zur eta lur utzi zituen: «Alde humanotik, ulertzen dugu familiaren samina Jean-Françoisen heriotzarengatik, baina ulertu behar duzue Frantzia herrialde demokratiko bat dela, eta zuen senidea diktadura defendatzeko betebeharra zuen polizia bat zela. Horregatik, herrialde demokratikoetako instituzio publikoek ezin dituzte omenaldiak antolatu erregimen faxistetako agente armatuak oroitzeko eta horiek biktimatzat hartu, haien heriotzaren kausa dena delakoa izanda ere».
«Inori ez litzaioke burutik pasatuko Alemaniako herriko etxe batek omenaldi bat egitea atentatu batean hildako SSetako kide bati, eta karrika bati haren izena ematea. Eskandalu bat litzateke. Europan herrialde demokratiko bakar batek ere ez luke halakorik onartuko».