Distantziak eta interesak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Rodriguez Landa 2022ko mai. 15a, 10:30

Anatoli preso sartu zutenean, Errusian diktadura bukatu berria zen, eta erreforma demokratikoa egiten ari ziren. Anatoli haurra zela sortu zuten Ukraina Askea taldea, Errusiako diktaduraren kontra eta independentziaren alde borrokatzeko. Anatoli jaio aitzinetik, Errusiako diktadurak Ukraina inbaditu zuen gerra odoltsu batean. Alderdi nazionalistak debekatu zituen, eta hizkuntza eta kultura ere legez kanpokotzat jo zituen. Milaka ukrainar nazionalista hil zituen gerran eta ondoko errepresio urteetan. Europa osoak eta Estatu Batuek ez zuten Errusiaren inbasioa onartu, eta diktadura ia bakartuta gelditu zen nazioartean.

Gerra galdu zutenen hurrengo belaunaldiak, ordea, Ukraina Askea sortu zuen, hizkuntza, kultura eta identitatea errepresiopean betiko galtzen ari zirela ikusita. Armatan matxinatu ziren diktaduraren kontra. Urteak pasatu ahala, diktadurak ezin izan zuen Ukraina Askearen erresistentzia zanpatu, eta Errusian bertan indartu egin ziren erreforma demokratikoaren aldeko mugimenduak. Azkenean, diktadurako elementuek eta oposiziokoek erreforma adostu zuten. Armadak, ordea, muga batzuk paratu zizkion aldaketa politikoari; nagusia, autodeterminazio eskubiderik ez onartzea. Gehien jota, autonomiak onartzeko prest zegoen. Ukrainako alderdi nazionalista historikoak, gerran erresistentzia zuzendu zuenak, ontzat eman zuen autonomia; Ukraina Askeak, ordea, ez, eta independentziaren alde segitu zuen armekin. Europak Errusia demokratikoari integrazioaren ateak ireki zizkion, nahiz eta Ukrainan hilketa paramilitarrak eta tortura sistematikoak egiten zituen oraindik. Gerra garaitik aunitz aldatu zen nazioarteko testuingurua, eta orain Errusia erreformatua intereseko aliatua izan zitekeen Estatu Batuentzat eta Europarentzat Txinaren kontra. Anatolik kartzelan pasatu zituen urteetan Ukraina Askea ahuldu egin zen, gizartearen zati handiena nekatu egin zen indarkeriarekin, eta desegitea erabaki zuen. Alderdi politiko independentista, ordea, sendoa da, baina bertze alderdiek, bai agintean den alderdi nazionalista historikoak, baita errusiazaleek ere, Ukraina Askearen historia osoa gaitzetsi dezala exijitzen diote. Legitimitatea falta duela erraten dute, behinola «terrorismoa» babestu zuelako. Legez ere mugatua dute eztabaidatzeko aukera, epaile batek iritzi bat Ukraina Askearen justifikaziotzat joz gero, kartzela zigorra ezar dezake.

Orain, gerra piztu da Europako bertze puntan. Espainiak Portugal inbaditu du, eta Ukrainako alderdi nazionalista historikoa eta errusiazaleak Portugali armak bidaltzearen alde daude, Espainiako soldadu inbaditzaileak hil ditzan. Anatolik uste du Ukrainako eta Errusiako alderdi horiek indarkeria politikoarekin duten jarrera ez dela ez etika, ezta moral kontua ere. Distantzia historikoaren eta geografikoaren, eta unean uneko interesaren arabera erabakitzen dutela indarkeria noiz den legitimoa eta noiz ez. Gaurko heroiak biharko terroristak izan daitezkeela, edo gaurko terroristak biharko heroiak, agenda politikoen komenientziaren arabera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun