Izan ere, Euskararen Legean eremu euskaldun gisa ezarrita dagoen horretan, hau da, biztanle gehienak euskaldunak dituzten herrietan edo euskara inoiz galdu ez dutenetan, PSNk pare bat zinegotzi baino ez ditu –Nafarroa Garaiko biztanleen % 10 hartzen duten 64 herritan, probintziaren ipar parte osoan–. Baztan-Bidasoan, Leitzaldean eta Xaretan, hots, euskararen ezagutza eta erabilera proportzioan handiena den eskualdeetan, zinegotzi bakar bat ere ez du, eta 2019ko parlamenturako hauteskundeetan, lehendakaritza lortu zueneko horietan, laugarren indarra izan zen, eta ez zen botoen % 6ra ere ailegatu –konparaziorako, hirugarren indarrak, Navarra Sumak, botoen % 13,65 lortu zituen; bigarrenak, Geroa Baik, % 35 pasa; eta babes gehien izan zuenak, EH Bilduk, ia % 40–. Argi ikusten da, beraz, euskal hizkuntzak eta nortasunak indar gehien duten eremuetan PSNk duen babesa eta presentzia hutsaren hurrengoa dela. Alderdiaren zuzendaritzaren osaketa ere nahiko argigarria da: 30 kideetatik bakarra da eremu euskaldunekoa.
Hala ere, nahiz eta Nafarroa Garaiko zona oso batekin duen disoziazioa erabatekoa izan, PSNk bere burua legitimatuta ikusten du errateko «gaur egungo Nafarroaren antz handiena duen alderdia» dela. Nafarroa Garaiko nazionalista espainolak diktadura bukatu zenetik predikatzen ari dira euskarak eta euskal identitateak ez dutela zerikusirik probintziarekin. Euskal alderdi abertzaleei haien proiektu politikoak gauzatzeko bidea ixteko obsesio horretan, espainolistek nafar normalaren eredutzat ezarri dute euskalduntasunarekin harremanik ez duen identitate eta hizkuntza espainoleko herritarra. Hori lortzeko bi tresna erabili ditu, bertzeak bertze: bata, 1986ko Euskararen Legea –euskarak gaztelaniaren inposizioak galarazitako lurraldeak berreskuratu ez ditzan probintzia hiru eremutan banatzeko, tokiaren arabera euskaldunei eskubide gehiago, guttiago edo batere ez aitortzeko–; eta, bertzea, 2003ko Ikurren Legea, ikurriña toki publikoetan paratzea debekatzeko.
Horrela doktrinatu dute Nafarroa Garaiko gizartea azken 40 urteetan, eta horren ondorioak gordinki sumatzen dira gaur egun. Hain gordinki, boterean den alderdiak ez duela kontuan hartu beharrekotzat ere sentitzen euskaldunen artean duen babes marjinala «gaur egungo Nafarroaren antz handiena duen alderdia» dela erraterako orduan.