PSNk Nafarroan dituen 233 zinegotzietatik eremu euskaldunean daudenak Olatzagutiko pare bat eta gutti gehiago dira. TTIPI-TTAPA banatzen den herrietan, berriz, bakarrik ere ez. Zifra adierazgarria, azaltzeko alderdi horrek euskaldunei buruz eduki dezakeen ezagutza, sentsibilitatea eta interesa zer-nolakoa den. Espainolistek Nafarroa hegoaldeko euskaldunen eskubideak ukatzeko maiz erabiltzen duten argudioetako bat da gutti direla, eta presentzia ttikia dutela euskararen aitortza handitzea aldarrikatu ohi duten alderdiek, hau da, abertzaleek. Oroitarazi beharko zaie, hortaz, gobernuko alderdiak iparraldean duen legitimitate falta ikaragarria. Baita espainolismo muturrekoenaren bertze indarrak boto eta zinegotzi gehiago baditu ere, ez duela inplantazio handia, preseski.
«Bidezkoena litzateke Nafarroa hegoaldeko euskaldunei eskubiderik ez aitortzeko 'errealitate soziolinguistikoa' aitzakia erabiltzen bada, eremu euskaldunean ere modu berean jokatzea».
Bidezkoena litzateke, hortaz, Nafarroa hegoaldeko euskaldunei eskubiderik ez aitortzeko «errealitate soziolinguistikoa» aitzakiatzat erabiltzen bada, eremu euskaldunean ere modu berean jokatzea. Hau da, gaztelania administrazioaren hizkuntza gisa desagertzea, hezkuntza publikoan D eredua ez den bertze bat eskatzeko eskubiderik ez izatea, gaztelania karriketako letrero ofizialetatik kentzea, eta harreman ofizial guziak euskaraz bakarrik egitea. Hori litzateke egiazko eremu euskaldun bat ezartzea, eremu ez-euskaldunaren pareko estatusa lukeena. Belgikan dutenaren antzekoa: iparraldean Flandria, nederlandera hizkuntza ofizial bakarra duela; erdian Brusela, eremu mistoa; eta hegoaldean Valonia, frantsesa hizkuntza bakartzat. Baina espainolistak bizkorrak dira, eta badakite haien pribilegioak nola inposatu.
Lehenik, Espainiako Konstituzioak espainola ezartzen du legez jakin beharreko hizkuntza bakartzat, eta Espainiako Estatuak behar diren baliabide guziak paratzen ditu haren menpeko herritar guziek hizkuntza hori jakin dezaten. Behin marko hori alde dutela, espainolistek Nafarroako parlamentutik eta gobernutik segregazioa exekutatzen dute: euskaldunei guttiengoa diren eremuetan ez zaie hizkuntza eskubiderik onartzen edo arruntean mugatzen zaie, eta gehiengoa diren eremuetan euskara ofizial izanen dutela erraten zaie, baina borondatezko hizkuntza bat baino ez da, eta exijitzen da gaztelaniak administrazioan guttienean euskararen pare egon behar duela. Eremu euskalduna paper errea baino izan ez bada espainolistentzat, nola ez dute horrela tratatuko, bada, euskalduntzat ez duten eremua?