Erdian gelditzen da Inorena ez den lurra, ez haiena, ez hauena. Zentrotik urruti, eta, aldi berean, bi punturen arteko zentroan. Patu kaxkarra Inorena ez den lurrean egon behar duenak, ez baitira hartaz kezkatuko alde banatan daudenak, eta norbere kabuz bilatu beharko baitu babak eltzetik ateratzea.
Frantziako Gobernuak erabaki du Euskal Herrian errepide batzuk ixtea, «terroristak» pasatzen ahal omen direlako horietatik, edo. Horietako errepide batzuk Bortzirietan, Baztanen eta Xaretan daude, bizi osoan herri batetik bertzera joateko erabili direnak, kanpoko agintari batzuek erabaki duten arte itxi egin behar direla (nork daki, Parisen edo Lyonen seguruago senti daitezen). Eta bertako herritarren ordezkariek Nafarroako Gobernuari laguntza eskatu diotenean arazo hori moldatzen saiatzeko, erantzuna izan da gobernuak ez duela kezkarik Frantziak hartu duen erabaki horrekin. Lizuniaga, Lizarrieta eta Berrueta urrutiegi gelditzen dira Iruñetik.
«Erdian gelditzen da Inorena ez den lurrea, ez haiena, ez hauena»
Eta, horrela, aldi horretan guzian bertze errepide bat ere itxita egon da. Hori Frantziak ez, hori Euskal Herriko gobernuetako batek itxita; Gipuzkoakoak, hain zuzen. Duela urte gutti eraiki zen N-121 berriko zubi batzuek «egiturazko arazoak» omen zituzten, eta Bidasoaldeko komunikazio arteria nagusia itxita eduki dute lau hilabetez, informazio gehiegirik eman gabe. Hor ibili behar izan dira eskualdeko ordezkari politikoak, bertze behin, Donostiari eta Iruñeari konponbide bat eske, atentzioa exijitzen, eta bertze behin itxura eman du «esperatu momentu bat, eta nire idazkariak zita hartuko dizu» izan dela erantzuna. Itxi zuten bezala ireki dute errepidea, errandakoa baino hilabete bat geroago, eta herritarrak fidatu beharko dira iraganean ez dutela arriskurik izan haien ibilgailuekin Bidasoan bukatzeko, «egiturazko arazo» horiek zirela eta. Lehendik ere arrisku aunitz eta atentzio gutti ez bazituen errepide horrek, arazo bat gehiago zerrendarako.
Izan ere, kontu nekeza da Nafarroakoak izan eta Iruñetik urruti egotea, baina Gipuzkoako hiri nagusiak, ordea, hurbilago izatea. Kontu nekeza baita Iruñeko eta Nafarroa hegoaldeko elite politikoak gorroto duen hizkuntza batean mintzo diren herrietan bizitzea, eta elite horien alderdiek duten babesa ia anekdotikoa baino ez izatea. Kontu nekeza baita, azken finean, Inorena ez den lurrekoa bezala tratatua izatea.