Vasconavarro

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Rodriguez Landa 2019ko abe. 12a, 16:27

Gaztelaniaz, gero eta guttiago erabiltzen den terminoa da ‘vasconavarro’ —edo ‘vasco-navarro’—. Erabiltzen denean, normalki nafar euskaldunak izendatzeko erabili ohi da, eta espainolistek erabili ohi dute; alegia, nahita edo nahigabe, guttiengo etniko izaera ematen zaio Nafarroa Garaiko euskaldunari, eta nafar espainolari, berriz, nafar normalaren kategoria. Hortaz, euskaldunak ezinen lirateke espainolak bezain nafarrak izan.

Kuriosoa da, ‘vasconavarro’-k badu-eta bertze erranahi bat ere: Euskal Herriko zazpi probintziak edo Hego Euskal Herriko laurak izendatzea. Gaur egun, espainolista zein abertzale, guziek dute baztertua. Espainolistek, ez dutelako batasunik ikusi nahi, euskaldunen eta abertzaleen gainean duten dominazioa separazioan oinarritzen baita —‘Pais Vasco y Navarra’, ongi separatuta—. Abertzaleek, berriz, hain zuzen horregatik, ‘vasconavarro’ erratea separaziotzat ikusten bai- tute; alegia, nafarrak ez liratekeela ‘vascoa’-k, eta Nafarroa Garaia ez litzatekeela Euskal Herria. Paradoxa handia da hori, ‘vasconavarro’ gehien erabiltzen zen aroan inork ez baitzuen zalantzan paratzen Nafarroa Garaia Euskal Herriaren parte zela, ezta gaur egungo eskuin espainolista estremista horren aitzindari zirenek ere. Batasun bat eta elkar hartuta zeuden bi identitate izendatzen zituen. Makina bat izendapen eta elkarte daude, bai iraganekoak, bai oraindik bizirik daudenak, ‘vasconavarro’ izena dutenak, Hego Euskal Herriko lau probintziak biltzen dituztelako. Espainiako II. Errepublikaren garaian estatutuaren proposamenari ‘Estatuto Vasco-Navarro’ izena eman zioten, eta euskaraz ‘Euskalerriko sortaraua’ erabili zen. Gaur egun, Hego Euskal Herriko lau probintziak biltzen dituen arkitektoen elkargoak ‘Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro’ izena du. Eta euskaraz ‘Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala’ da. Jose Mari Esparza idazle eta historialari tafallarrak bere artikuluetan maiz erabili ohi du ‘vasconavarro’ Euskal Herria izendatzeko, eta Nafarroa Garaian intelektual gutti egonen dira probintzia osoa Cortesetik hasi eta Beraraino hain ongi ezagutzen dutenak.

«Sesioak gainditzeko ahalegin bat vasco-navarro berreskuratzea izan daiteke»

Izenak ez du izana egiten, eta funtsa oskola baino inportanteagoa da; Nafarroa Garaian, ordea, izenak eta oskolak aipatu orduko hasten dira sesioak, eta izanari eta funtsari buruz eztabaidatzea ia ezinezko egiten dute. Oraindik ezinezkoago probintziako espainolak Euskal Herriaren batasun baten kontzeptua onartzera erakartzea. Hesi hori gainditzeko ahalegin xume bat izan liteke ‘vasconavarro’ terminoa berreskuratzea gaztelaniaz aritzean; ‘vasco’ sentitzen ez diren nafarrak berdintasunean onartzen ditu, Euskal Herriko probintzien batasuna izendatzen du, eta Na- farroa Garaiko euskaldunak guttiengo etniko gisa ez izendatzeko erabilgarria izan liteke. Nafarroa Garaian espainolistak eroso daude ‘statu quo’-arekin. Abertzaleek dute mugitzeko, berrasmatzeko eta esperimentatzeko beharra, duela 40 urte eskas gorpuztu zen separazio hori gainditu nahi badute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun