Motordun ibilgailuen lurraldean sartugatik ordaindu behar duen arrisku saria. Baina heriotza edo hilketa horiek ez dira kasualitatearen ondorio. Ezbeharrak sustatzen dituen ideologia oso bat dago horren gibeletik. Zikloturista guziei gertatzen zaie senideen, lagunen, lagunen lagunen, edo lagunen senideen edo auskalo zeinen ahotik haiei buruzko astakeriak aditu behar izatea. Ondorio berberera ailegatu ohi dira: txirrindulariek ez dute kexatzeko arrazoirik, auto gidarien zirkulazioa “izorratzen” dutelako.
«Hainbertze zikloturista ez dira despisteengatik hiltzen»
Biktima haren dramaren errudun bihurtu eta borreroari erantzukizuna kentzeko betiko diskurtsoa izan ohi da. Gorrotoa eta mesprezua askatasun osoz espresatu ohi dute, eta txirrindularien praktika txarrak —semaforoak eta bideko bertzelako seinaleak ez errespetatzea, edo paraleloan bi lagun baino gehiago joatea— arau eta justifikazio bihurtu ohi dituzte. Nicky Hayden stop batean gelditu ez zelako hil zuten; Michele Scarponi hil zuen furgonetako gidaria, berriz, ez zen stop batean gelditu. Eta datuek erakusten dute harrapatutako gehien-gehienak scarponiak direla, eta ez haydenak. Xaloak ere izan ohi dira antizikloturista horiek, iduri baitu ahazten dutela zikloturista gehienak aldi berean auto gidari ere badirela, eta erraza dela gezurrak eta exajerazioak detektatzea. Baina ideologia batek justifikatu eta adoretzen ditu haien gorrotoa adieraztera, autoa guziaren zentroan paratzen duen ideologia batek. Autoa makina potente bat da, eta edonork ikasi dezake maneiatzen. Autoak independentzia ematen dio norbanakoari. Autoak abiadura du, eta abiadura horren gaineko ustezko kontrolak prestigioa ematen dio gidariari. Bideak autoentzat prestatuta daude, beraz, haiek dira bidearen jabe. Ahalik eta abudoen nahi den tokira ailegatu, inor gehiagoren beharrik gabe. Horixe da ideologia horrek sustatzen duena, botere sentsazio bat. Eta, halako batean, hor agertzen da errepide bazterrean gauza fin motel hori, arropa irrigarriekin jantzia. Haren erruz abiadura moteldu beharra da, segundo batzuk hartu behar dira distantzia uzteko, eta, kontrako bidetik heldu diren bertze autoek uzten duten heinean aitzinatu ahal zaio. Horregatik, iraindu egiten zaio, metro eta erdiko distantzia justu-justu utzi edo hurbilxeago pasatu, ez baita hainbertzerako, eta besoa altxatuta kexatzea okurritzen bazaio, agresibitate auto-justifikatu batekin berea eman. Despisteak edonork izan ditzake, bai, baina hainbertze zikloturista ez dira despisteengatik hiltzen. Objektu molesto gisa azaltzen dituen ideologia horrek izanen du zerikusirik, bide bazterrean doanaren bizitzari balioa kentzen baitio. Eta ezbeharraren emaitza izan ohi da autoak tailerrean bukatzen duela, eta bizikleta gainean zihoanak, berriz, egurrezko kutxa batean.