Espainiako ezkerrak eta haien burua progresistatzat duten komunikabideek gogor jo zuten Aznarren kontra, eta ustelkeria, Irakeko gerra eta bertze hainbat kontu leporatu zizkioten. Kontu aunitz, bat izan ezik: presidente izan zen urteetan Euskal Herrian aplikatu zuen politika. Euskal Herrian zegoen Espainiaren statu quoaren bi oinarri nagusiak, 78ko erregimena eta erresumaren mugak, zalantzan paratzen zituen mugimendu bakarra. Aznar helburu argi batekin ailegatu zen boterera: euskal nazio kontzientzia hutsaren hurrengora guttitzea. Bazekien horretarako, ETAren kontra egitea baino zerbait gehiago egin beharra zuela. Hau da, mugimendu zibilen kontra ere jo beharra zuela. Lehen- biziko helburuak ezker abertzalea izan behar zuen, baina gehiago egin beharra zuen, eta komunikabideak, euskaltegiak, ikastolak, elkarte kulturalak eta euskalduntasunarekin zerikusia zuen edozer eta edonor paratu behar zituen mehatxupean. Bidea milaka herritarren eskubideak urratzea zen, eta horretarako Espainiako iritzi publikoa lotu beharra zuen. 2001eko irailaren 11k eman zion aukera.
George Bush AEBetako presidenteak deklaratu zuen «terrorearen kontrako gerra» helduleku ezin hobea izan zen euskal gatazka nazioartean zegoen giroan sartu, eta legeak aldatuta errepresioa sektore zibiletara zabaltzeko. Jakina da zer etorri zen gero: ilegalizazioak, komunikabideen itxiera, atxiloketak, inkomunikazioak eta tortura erakunde zibiletako kideei aplikatzea, manifestatzeko eskubidea urratzea, ezkutuko kontrola hedatzea, adierazpen askatasunaren kriminalizazioa… Bushek «nirekin edo nire kontra» planteatu zuen egoera. Espainiako ezkerrak jarrera tranposo horri aitzin egin zion, eta ez zituen babestu Bushen helburuak. AEBek Al-Qaedaren kontra borrokatzen zutenean, Espainiako ezkerrak kritikatzen zuen hori bertze helburu batzuetarako zela. Urte horietan telebistan edo prentsan elkarrizketatzen zituzten aktore, musikari, idazle eta intelektual espainolek kritikatu zuten Bush. Fermin Muguru- zari, ordea, txistu egin zioten Euskaldunon Egunkariaren itxiera salatu zuelako. Guantanamora eramaten zituzten ustezko muturreko islamisten istorioak adituta atsekabetu egiten ziren; Madrilgo komisariatan bortizki torturatzen zituzten euskal herritarrak, ordea, gezurretan ari ziren «terro- ristak» ziren. Aznarrek Euskal Herrian aplikatu zuen «nirekin edo nire aurka» horretan Espainiako ezkerrak Aznar aukeratu zuen. ETA zegoen, eta ETAk dena justifikatzen zuen. Espainia- ko ezkerrak orain Aznarren kritiko nagusitzat du bere burua. Ez du autokritikarik egiteko intentziorik. Espainiako ezkerra beti izan baita espainola, ezkerraren aitzinetik.