Nazionalismo espainolak, ordea, gaztelania normaltasunaren eta unibertsaltasunaren adierazletzat aurkezten du, eta normala da hori egitea, nazionalismo espainolaren izateko arrazoi nagusietako bat baita bertze hizkuntzak eta kulturak desagerrarazten saiatzea. Okerrena da, duen boterearengatik eta eraginarengatik bertze hizkuntzen hiztunongan ere gaztelaniarekiko dependentzia sentimendu bat sortzen digula. Euskaldun guziok guttienean elebidunak gara; Hegoaldekoak, euskara-gaztelania elebidunak. Erdaldun aunitzek goraipatzen dute gure elebitasuna, eta euskaldun aunitzek ere zorteko sentitzen dute haien burua gaztelania jakiteagatik. Pribilegiatu moduko zerbait sentiarazten gaituzte aunitzetan, baina pentsaera horrek guziak oinarri faltsuak ditu. Zehazki, dominazioaren oinarriak dauzka. Gure buruari egin ohi diogun galdera da zer bada garen euskaldun: herri euskaldun batean jaio ginelako, etxean beti egin dugulako, ama edo aita euskalduna dugulako, ikastolan ikasi dugulako… Baina ez da hori gure buruari egin beharko geniokeen galdera. Galdetu beharko genioke ea zer bada dakigun gaztelaniaz. Eta erantzuna bilatuz, agian, ondorioztatuko genuke hizkuntza hori jakiteko betebehar legala dugula, eta ez, ordea, euskara jakiteko betebehar legala. Eta ondorioztatuko genuke gure elebitasuna goraipatzen duten elebakar horiek praktikan lasai bizi litezkeela, haiek aukera baitute haien hizkuntza exijitzeko bertzeei, eta segurtasuna baitute bertzeek bai edo bai gaztelania jakinen dutelako, horretara behartuta daudelako. Euskaldun aunitzei etsipena eragin ohi die horrek, “egia da, denok dakigu gaztelaniaz, zertarako nekatu euskararekin”. Euskara utopiaren, desioen eta folklorearen munduan kokatzen du nazionalismo espainolak; gaztelania, berriz, errealitatea eta errealismoa da. Baina hor ez dago ez berdintasunik, ez justiziarik, ez legitimotasunik. Hori dominazioa da, eta Espainiak horretarako “eman” zigun bere hizkuntza. Dominazioarekin bi gauza bakarrik egin litezke: aitzin egin, edo amore eman.