Zer nahi zenuke? Kotxe bat, zaharrak baino gutxiago kutsatzen duena, beharbada, elektrikoa edo hibridoa. Ahal dela, azpia altu xamarra duena, behartzen naizenean, pistatan sartu ahal izateko, eta ahal dela, sentsore eta elektronika batere gabea. Leihoak biraderarekin, martxan jartzeko giltza duena, eta aparkatzeko kamerarik ez duena. Sentitzen dut, guk halakorik ez dugu. Beharbada, bigarren eskuko bat komeni zaizu.
Ederra martxa! Eskerrak kotxea erosteko leku hoberenera etorri naizen! Gainera, erosten dudan berriak ez duela zaharrak adina iraunen esaten didate lagunek. Bikain! Planeta lehertzeko horixe da behar dena! Negozioa lehenesteko urte gutxiren buruan nahita hondatuko diren trasteak fabrikatzea. Dagoenean bon-bon, eta ondorengoentzat, hor konpon!! Halaxe doakigu!