Galtzerdi ekonomia

Erabiltzailearen aurpegia Miel M. Elosegi Irurtia 2026ko martxoaren 21a

Mendiko botekin bi galtzerdi pare jantzita ibiltzeko ohitura genuen etxean. Galtzerdi fin bat barrutik eta artilezko lodia gainetik.

19 urte nituela Txarli ezagutu nuen, mendizale eta euskaltzale bilbotarra, eta elkarrekin askotan irten ginen mendira. Berak botekin galtzerdi pare bakarra erabiltzen zuela ikusita, harriduraz galdetu nion: «Zergatik ibiltzen haiz galtzerdi pare bakarrarekin?». Bi hitzetan erantzun zidan: «galtzerdi ekonomia». Erantzun xelebre hari buelta batzuk eman nizkion, baita ohartu ere bere sistemarekin, eroso ibiltzeaz gain, galtzerdi gutxiago zikintzen eta zulatzen nituela.

Sistema ona, Txarliren galtzerdi bakarrarena. Kontua da, galtzerdiekin bezalaxe, bestelako gauza gutxiago izanda ere erosoago eta buruhauste gutxiagorekin bizi gintezkeela. Lege horrek bere mugak ditu, noski, deus ez duenak erosotasun gutxi eta kezka asko izanen baititu. Baina zenbat kezka ematen dizkigute ganbara lepo bete arte pilatu ohi ditugun gauzek? Asko, baina bai zaila den horretaz konturatzea!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun