Mirari

Erabiltzailearen aurpegia Miel M. Elosegi Irurtia 2025eko azaroaren 29a

Iaz erditu zen lehenengoz Mirari eta berri hau poz iturri handia bilakatu zen bere etxean. Izan ere, Mirarik hasiera ezin zailagoa izan zuen mundu honetan. Jaio zenean bere amak arbuiatu egin zuen (arkume gaitzetsa izan zen) eta esnerik edan gabe, azeriei nolabait iskin eginda, lortu zuen bizirautea.

Artzainak egoera ikusita ederki asmatu zuen zer egin behar zuen arkumerik ez galtzeko. Arkumea kendu berri zioten beste ardi bati erantsi zion arkume gaitzetsa, jateko hil zuten arkumearen larrua gainetik lotuta. Usain ezaguna izaki, amaordeak bere arkumea zelakoan onartu eta bere errapeari esker hazi zuen. Etxekoandreak noski, izen egokia jarri zion mirariz bizirik zegoen arkumeari: Mirari. Martxa honetan, ordea, beste mirari handiago bat beharko da aipatu duguna bezalako artzainen jakinduriak gure artean bizirik iraun dezan. Milaka urte dituen kultura aberats honi esker egin du aurrera gure gizarteak, baina… azken belaunaldietan guztiz gaitzesi dugula dirudi. Ez al dago artzain kultura gaitzetsaren gainetik nolabait jar litekeen «larrurik» gaurko gizarteak gehixeago maita dezan?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun