Dutxan

Erabiltzailearen aurpegia Miel M. Elosegi Irurtia 2025eko irailaren 13a

Azken aldian zenbait aldiz entzun dut hiru minutuko dutxa hartzea gomendatzen digutela ura aurrezteko. Banago nire atzoko dutxak gehixeago iraun ote zuen, ur azpian ez dakit, baina komunean sartuta seguruenik, bai. Egia esan, gauza ederra da dutxatzea, batez ere izerdituta etxera bueltan, kirola egin edo lan zikinetan aritu ondoren...

Ur berotan gozatu ederra hartzen da eta garbitu ez ezik, ongi sentiarazten gaitu dutxak. Gainera, dutxatzeko oraindik ez da ordenagailurik piztu behar eta gauza askotarako ez bezala, ez digute pin, edo pasahitzik eskatzen.

Joan den astean berogailua hondatu zitzaigun eta nire dutxek hiru minutu baino askoz gutxiago iraun zuten, lurraren eta gure patrikaren onerako. Jakina, uraren kontsumoaren aferan dutxa bakoitzaren iraupena ez da aldagai bakarra, ez baita berdina egunero dutxatzea, bi egunean behin, edo beharraren arabera egitea… Adarra jotzen maisua den Iñigok aspaldi azaldu zidan zein zen dutxen maiztasun egokiena mundu honetan ongi ibiltzeko: «Urtean bitan! Behar izan edo ez!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun