Basogintzan bertakoa izateak ez du, nonbait, halako baliorik izanen. Futbolean hamaikakoak ematen dituzten gisara, mendian espezie bakoitzak estaltzen duen azaleraren arabera hauxe izan zitekeen baso haien hamaikakoa: Insignis pinua, pinaster pinua, douglas izeia, larizio pinua, pinu gorria, lawsoniana, sekuoia, eukaliptoa, kriptomeria (denak kanpokoak), pagoa, artea, haritza... (azken hauek, gutxienak, bertakoak).
Dirudienez azken urteotan bertako basoak azalera irabazi omen du. Pozten gara, bazen garaia! Dena dela, imajinatzen al duzue Athleticeko edo Realeko jokalarien hiru laurdenak Euskal Herritik kanpokoak, amerikarrak, asiarrak edo australiarrak izatea? Eskerrak «auzolana» leloa hainbestetan entzuten duten bizkaitar eta gipuzkoarren auzokoek lan hobea egin duten bertako basoa zaintzen!