Kontzertua ezkerretik

Tolon, tolon! Ttilin-ttilin-ttilin! Dunba, dunba! Muuuuu! Klan, Klan. Beee! Gustura nengoen mendi lepo hartan.

Gailurra hurbil nuen baina belarrietara aspaldi entzuten nuen joare kontzertu hoberena helduki, lepo hartan gelditu nintzen. Larrea onenean zegoen, aziendak gustura bazkatzen... Zuzeneko kontzertu hartan, ordea, estereoak ez zuen funtzionatzen. Ezkerreko aldetik heltzen zitzaidan azienden hots guztia. Eskuinetik, zintzarri hotsik ez, ez baitzegoen aziendarik alde horretan. Misterioak, ordea, azalpen erraza zuen. Aragoi eta Biarnoko muga-mugan nengoen, Pirinioetan, eta azienda guztiak Biarnoko aldean zeuden, nire ezkerrean.

Askoz hurbilagoan ere, Nafarroa Garaia eta Iparraldeko mugan izan dut bi isurialdeen arteko aldeari buruzko irudipena. Eta han eta hemen gauza bera gertatzen ari bada, ez da kasualitate hutsa izanen. Iparraldean mendiko nekazaritza eta abeltzaintzari eusten hobekiago asmatu dutela esanen nuke. Bejondeiela! Ea ongi egindakoak haiengandik ikasi eta nolabait geureganatzen asmatzen dugun!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun