Ipuinen bukaerak

Mutikoak etxe atarian euripean etxetxori kume bustia aurkitu zuen, txipa-txipa eginda. Txoria ihes egiten saiatu zen baina lau pote txar besterik ez zituen eman eta mutikoak aise harrapatu zuen.

Etxera igo eta txori dardartia trapu batean goxo-goxo bildu eta ile lehorgailuarekin lehortu zuen. Beroan sartu eta azkar ernatu zen. Bitartean, gainera, atertu egin zuen. Mutikoa balkoira irten zen berpiztutako txoriarekin, ilusio handiz askatu eta bere begi erneen aurrean hantxe abiatu zen hegan. Hura poza!!

Disneyko filma izan balitz printzearekin ezkondu eta zoriontsu biziko zen txoritxoa. Gurea, ordea, bestela bukatu zen. Metro batzuk hegan eginda, hegakera traskalean hasi eta txoria etxe aurreko errepidera erori zen. Bi segundoren buruan kamioi bat gainetik pasa zen eta talo bat eginda utzi zuen. Norbaitek pentsatu izanen duen bezala, mutikoa ni nintzen, eta ongi gogoan dut orduko atsekabea. Bizitzarako ordea, irakaspen on pare bat atera nituen: istorio politen bukaera ez da beti polita eta ustez «sendatutako» txoria ezin da nolanahi askatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun