Atzo, ordea, begi eroriekin aitortu zidan ardiekin jarraitu nahi zuen seme bakarrari burutik ideia hori kendu nahian zebilela. Ezin nuen ulertu. Nola? Ez al zen bada zure betiko ametsa? «Bai, baina pentsua, argia, gasolioa igo dira, eta ardikia ez da neurri horretan igo eta gero eta oztopo gehiago dauzkagu. Paperez itota gauzkate. Ez dut federik gure agintarietan, Europan, dirulaguntzetan eta nekazalgoari bizkar emanda bizi den gizarte zuri honen deusetan. Turistek argazkiak egiteko nahi gaituztela dirudi. Prest gaude lan lotuari heltzeko, baina ez dirua galtzeko. Era duinean bizi ahal izatea da behar duguna. Eta jakina, ez dut nire seme-alabarik ikusi nahi orain ni nagoen atakan». Lehendik gutxi genituen eta erreleborik ez dator ia. Herri honentzat, ordea, ezinbestekoak dira. Hortaz ezinbestekoa da lurra zainduz gurean janaria ekoizten dutenei laguntzea.