Unibertsitate onentsuena

Azken uholdeek zubi zaharra eraman zutenez, berria egiteko zuhaitzak markatzera joan ginen udal langilea eta biok.

Errekaren bi aldetako mendi magalak bata bestetik 10-12 bat metrora gelditzen izanen ziren estugunean. Harizti gazte polita zegoen. Zuhaitzei banan-banan behin eta berriz begiratu ondoren, Joxek bi aukeratu zituen: «Emaiek sellue bi hauei», esan zidan. Handienak, ordea, pena eman zidan, inguruko tantai hoberena baitzen eta haren ordez okerxeagoak proposatzen hasi nintzen. Behar zuena huraxe zela ederki jakinki, Joxek zakar antzean: «Ez al dok aittu? Emaiok horrei!».

Markatu egin nuen, eta haritz hura motozerraz maisuki bota zuen errekaren bi aldeak lotuz. Lan bikaina. Punta eta adarrak moztu, asentatu eta goia berdinduta bigarren haritza bota zuen aurrekoaren ondo-ondoan jarriz. «Harrapazak! Hau dok artista», pentsatu nuen! Moztutako adarrak neurrian moztu, entengekin josi, eta lau bat ordutan urteetan iraun zuen zubi txukun askoa egina zegoen. Noski, Joxe ez zen edozein. Munduko unibertsitate onentsuenean ikasitakoa zen: basoz inguratutako mendiko baserri xume batean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun