Jakina, inork ez du halako deirik jaso izanen, baina beste saltzaile batzuk halaxe dabiltza. Atzo hiru telefono dei jaso nituen hainbat konpainiatatik haien telefoniako zerbitzuak har nitzan. Hiru! Azken urtean auskalo zenbat aldiz deitu didaten! Nork eman die nire telefonoa? Eta nork baimena niri deitzeko? Berdin lanean ari naizela, berdin familia zaintzen… hauei dena bost axola. Saltzeko bai, denak lagun. Arazoren bat baldin baduzue, ordea, deitu lasai, ez baituzue inoren laguntzarik izanen. Eta denak hasiko balira pirata hauek bezala haien eskaintzekin bati eta besteari deika? Kaixo, traktorea dut salgai; egun on, pisu bikaina dut zuretzat; nik kotxeari kubierta berriak jartzeko deitzen dizut. Imajinatzen? Eromena litzateke, ezta? Ba, berdin, telefoniako saltzaile hauen jarduna ez litzateke onartu behar. Jakina, txikiak ederki kontrolatzen dira baina enpresa handiei nork lotuko die joarea lepoan?