Azken aldiko jende oldeak bazter guztietan utzitako arrastoek kezka sortu didate. Trenbide inguruan ibiltzea aski han eta hemen komuneko paperak, kaka pilak eta abar nonahi topatzeko. «Pastelak» bidearen erdi-erdian aurki daitezke inguruan utzitako zikindutako paperez apainduta. Berriz ere hortik pasa behar duenak egin al lezake halakorik? Badakigu batzuetan larrialdiak izaten direla baina ezin al da bidetik baztertu eta zerbait txukunagoa utzi? Ezin al da baztertu, orbela edo harriren batekin estali edo papera gorde eta zakarrontzira bota? Ez dakit... Nolanahi ere, bistakoa da gizarte honen ezaugarrietako bat dela zikinkeria sortzeko gaitasun ikaragarria izatea. Ikasiko ahal dugu bazterrak txukunxeago zaintzen!