Bistakoa da ur-emaria ikaragarri jaitsi dela azken urteetan. Lehortea? Bai, baina lehorteari iturri guztiak guretzat hartu izana gehitu behar zaio. Lehen errekatik zihoan ura orain hodietan barrena ur-biltegira, etxeetara, lantegietara, eta abarretara doa. Herriaren parean errekaren alde batetik bestera pasa daiteke harrietatik, zubi beharrik gabe. Gogoan dut zer lasterraldiak egin behar izaten ziren garai batean eskolako futbol-zelaitik baloia errekara joaten zenean hura berreskuratzeko. Makila hartu eta ziztu batean behera jaitsi behar zen lehenbailehen harrapatzeko. Gaur ez litzateke 20 metro jaitsiko harrietan trabatu gabe! Gure ume garaitik hona bezainbeste aldatzen bada erreka datozen urteetan, ez dakit zer ikusiko dugun. Euririk ari ez duenean erreka-zulo lehor bat?