Bisitarien neurria mendian

Bazen behin basoan zehar ur garbien ondotik mendian barrena sartzen zen bide zoragarria. Bertakoek betidanik ezagutu zuten ingurua, baita bertan lasaitasun osoz gozatu ere. Egun batean aldizkari batek txoko 'magiko' horren berri eman zuen. Ondoren telebistan, turismo bulegoetan eta Interneten zabaldu zen, eta txokoa jendez bete zen.

Bisitarien etengabeko ibiliaren ibiliaz, bidea belarrik gabe utzi arte zapaldu eta desitxuratu zen. Eta halako batean, joandako bisitarien oldeak ondoko herrietako ohiko martxa ere oztopatu zuen. Bisitariekin negozio zuzena zutenentzat izan ezik, gainerakoentzat txoko honek magia galdu zuen. Norena izan zen errua? Bisitariena? Txoko honen berri eman zutenena? Ingurua kontrolatzeko gai ez ziren agintariena? Halakoetan garrantzitsuena erabilera ongi antolatzea dela uste dut, eta ahal den neurrian eremuaren balioak berreskuratzea. Ez bagara gai etortzen den jendetza kudeatzeko, ateak poliki zabaltzea komeni da. Guztion ondarea guztion artean zaindu behar dugu, hori egiteko gai ez bagara gu eta atzetik datozen guztiak izanen baikara galtzaile. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun