Iraztordiak sastrakadi bihurtu dira, eta ia ezin da bertatik pasa. Belar-soroak ere azkar galtzen ari dira, nekazaritza eta abeltzaintza jota ditugun seinale. Urte gutxian landazabala sastrakadi eta oihan bihurtuko zaigu, basoko espezieen mesedetan eta leku irekietako espezieen kaltetan. Agur azken mendeetako paisaiari. Agur gure herria ehunka urtez aurrera ateratzea ahalbidetu duen jakintza eta kultura aberatsari. Agur landa eremuari lotutako balio handiko bioaniztasunari ere. Egundoko galera!
Oraindik badugu lurretik janaria sortzen dakien bertako jendea, eta eskualdeko herriak bizirik mantentzeko erronkan oinarrizkoa da nekazaritzaren jarduera. Abiadura handiko trenak eraikitzen dituen eta une oro puntako teknologia erabiltzen duen gizarte modernoak ez al du gure herria belaunaldiz belaunaldi mantendu duen kulturaren galerari buelta emateko gaitasun edo irudimenik?