Gure onena

Ohiko bizimodua estutzeak jendea hobeki ezagutzeko balio dezake. Koronabirusa iritsi zenean, maskarak behar zirela edo ez zirela erotu gintuzten garaian, maskaren prezioa 2 eurotik 10 eurora igo zuten zenbait lekutan. Betikoa! pentsatuko duzue. Ez, ba! Aldi berean Aitziberrek entzun zuen Estitxu jostuna maskarak egiten ari zela.

-Lau behar ditut, Estitxu, mesedez.
-Hemen dituzu.
-Zenbat da?
-Deus ez. Doan eman nahi ditut.
Alferrikakoa izan zen ordaintzen saiatzea, jostunak ez baitzuen inondik ere kobratu nahi izan. Edurne, berriz, auzoko Miren adinekoaren etxera joan zen erosketak egiteko laguntzarik behar ote zuen galdetzera. Patxi boluntario gisara aritu zen etxetik irteterik ez zutenei beharrezko gauzak eramaten. Eta Maite, eta Jon, eta izenez ezagutzen ez dugun abar luze-luze bat aritu da gure eskualdeko herrietan ahal zuena egiten. Egoera txarretan gure onena erakusten duten ekintza txiki hauek egiten dute handi herri hau. Eskerrak, gero, halako jendea dagoen munduan!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun